Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





80ko hamarkadara arte kulturan eta komunikazioan gauzatutako politiken esperientziaren poderioz, argi ikusi da nolako akatsak egiten diren bakoitzak bere kasa eta koordinaziorik gabe jardunez gero. Bai europan eta bai beste herrialde batzuetan egiaztatu da hori, batik bat latinoamerikan. Informazioaren gizarteko politikak gauzatzerakoan, bereziki 90eko hamarkadatik hona, ez dira uztartu kultura eta komunikazioa, eta, ondorioz, are egoera larriagoa sortu da. Eta horri guztiari beste zerbait gehitu behar zaio: politika hutsean oinarritutako ikuspegitik, ekonomia hutsean oinarritutakora pasatu gara.

Esanak esan, kulturan eta komunikazioan azken bi hamarkada hauetan izandako eraldaketek agerian utzi dute, inoiz ez bezala, kulturaren eta komunikazioaren arteko lotura egiturazkoa dela. Hau da, bi eremuotako jarduera publikoetan nahitaezkoa da biak batera jorratzea eta bi mailetan aldi berean jardutea, bestela, helburu sozialak eta ekonomikoak kolokan geratuko baitira.

Izan ere, komunikazio politikek eragin zuzena dute eremu politikoan, baina eremu publikoan ere bai, esparru sinboliko guztietako gizarte harremanen gunea den aldetik. Eta kulturaren sozializazioa ezin da gauzatu, egon daitekeen hartzaile bakarrarentzat (erabiltzailea) benetako kulturaniztasuna lortuko duen komunikazio (sustapen eta banaketa) tresnaren bat erabili gabe. Kultura eta komunikazio edukiak eta gizarte ohiturak ahazten dituzten informazio gizarteko politikak, bestalde, itsu-itsuan ibiltzen dira maiz. Eskema bertikala, eta eskaintza-eskariaren merkatuan oinarritua, erabiltzen dute teknologietan, eta horren guztiaren ondorioz, hamaika porrot ekonomiko eta gizarte haustura sortarazten dira.

Zerbitzu publikoen arazoa, garai digital honetan, aipatutako testuinguru hirukoitzean kokatu behar dugu. Herrialde askotan, eta europako erakundeetan, politikaren ikuspegi hutsari heldu diote, eta hizpide dugun banaketaren ondorioz, alferrik galdu da kulturan eta komunikazioan nagusi den aniztasunaren eta informazio gizartearen alde egiteko potentzial guztia. Administratiboki politikoak diren kokaguneetatik abiatuta, gero eta gehiago urrundu dira kulturari eta informazio gizartearen garapenari lotutako proiektuetatik. Eta horrela jokatu da, behin eta berriz entzuten den arren informazio unibertsalean oinarritutako gizartea berehala heltzear dagoela. Baina gure herrialdeetan, gizarte hori ez da inondik inora antzematen.

Dena dela, zerbitzu publikoek, ohiko ongizate estatuaren jatorrizko kokalekuaren mugak gaindituz, berebiziko potentziala eskaintzen dute estatuko lurralde guztietan garapena lortzeko eta gizartearen beste baliabideetan aurrera egiteko. Baina horretarako, nahitaezkoa da herrialde askotan zerbitzu publikoaren estatusean, zereginetan, antolamenduan eta finantzaketan dauden hutsuneak gainditzea. Eta ezinbestekoa da, era berean, egitekoak eta funtzioak berriro finkatzea, jarduera publikoetan lehen aipatu ditugun hiru ardatzen arteko harremanak eta hazkunde ekonomikoaren eta gizartearen garapen integralaren arteko loturak kontuan hartuta.