Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua





Jabetza Intelektuala: beharrezkoa ez den gaitza

1764. urtearen amaiera aldera, Newcomen lurrun-makina konpontzen ari zela, makina hobetzeko modua otu zitzaion James Watt ingeniariari. Hobekuntzari esker, gasa bananduta zeuden zilindroetara hedatu eta bertan kondentsatuko zen, eta horrela, energia-galera handia saihestuko zuen. Ideia patentatu, eta 1775ean, Matthew Boultonekin elkarlanean, patentea 1800era arte luzatzea lortu zuen. Mende laurden batez Boulton & Watt-ek lurrun-makinen ekoizpenaren gaineko monopolioa eduki zuen, ezinezkoa izan zen inolako hobekuntzarik egitea, eta gainera, nola edo hala lehiakide guztiak saihestu zituen. Lehiakide izan nahi zuten asko makina hobeak eta diferenteak ekoizten saiatu baziren ere, Ingalaterrako epaitegiek monopolioaren jabeen alde egin zuten behin eta berriz. Patentearen epea amaitu zenean, makinen ekoizpena izugarri hazi zen, eta gainera, hobekuntza handiak egin zizkieten. Beste modu batera esanda, Boulton & Watten patentea amaitu zenean abiatu ahal izan zen benetan industri iraultza. Orduan, zer onura ekarri zion gizarteari Watten patenteak? Beharrezkoa izan al zen Wattek hobekuntzak 1800era arte atzeratzea?

Gaur egun gero eta esanguratsuagoak dira jabetza-eskubideen legediari buruzko eztabaidak. Garrantzi berezia du TRIPS delakoen inguruko eztabaidak. WTOren esparruan ezarri dituzten jabetza intelektualari buruzko akordioei esaten zaie TRIPS. Horien oinarrizko printzipioaren arabera, WTOn partaide diren herrialdeek AEBetan eta Europako Batasunean jabetza intelektualaren inguruan den legediaren parekoa ezarri behar dute lehenbailehen, hau da: epe oso luzeko patenteak eta copyrightak ezartzen dituzten legeak (hogei urte patenteen kasuan eta bizitza gehi beste 75 copyrightentzat) eta imitatzaileak edo "piratak" jazarri eta zigortzen dituen sistema judiziala.

Askoren esanetan, jabetza intelektualaren eskubiderik eta patenterik gabe asmatzaileek ez lukete sortzeko eragingarririk izango. Eskubide horiek eta patenteek botere monopolikoa sortzen dute, "monopolio intelektuala" deituko dioguna. Aipatutako iritzi hori ez da zuzena, hitzaldian azalduko ditudan arrazoi teorikoak eta enpirikoak medio. Galdetu beharko genukeena zera da: monopolio intelektuala sortzeko modu hori gizartearentzat ekonomikoki onuragarria ote den, eta ez bakarrik monopolioaz baliatu daitezkeen eta baliatzen diren gutxi batzuentzat. Kulturaren eta sorkuntza artistikoen esparruan, zehazki, zera galdetu beharko genuke: nork profitatzen du monopolio intelektuala? "Sortzaile" ertainak ala argitaletxe handiek eta musika/zinemako enpresa handiek? Balio al dio ezertarako jabetza intelektualak sistemaren "star" bilakatu ez den edo ez duten sortzaileari? Gizarteari begira erabilgarria eta onuragarria al da ("bidezkoa" izateaz gain, baina hori auzi arantzatsuagoa da) monopolio artifizialak sortzea zortedun gutxi batzuek milioi askotako ordainak jaso ditzaten? Zein dira "artisten" aukera-kosteak? 

Patenteak eta copyrighta beharrezko direla ziurtatzen duten teoriek ez dute oinarri ekonomiko sendorik. Zalantzarik gabe, patenteak kenduko balira, murriztu egingo lirateke ezelako ideia patentaturik erabili gabe zerbait berria sortzen dutenen irabaziak. Baina horiek ere irabazi handiak lortu ditzaketela ikusiko dugu. Eta asmatzaile batek besteren ideiak erabilita zerbait sortzen badu, litekeena da patenterik gabe irabazten irtetea, besteen ideien truke ordaindu egin behar baitu. Berrikuntzak, orokorrean, lehenagotik existitzen diren ideien inguruan sortzen direnez eta garapen ekonomikoa herrialde aurreratuagoen metodoak eta produktuak imitatuz sortzen denez, gizarteari begira onuragarria dirudi monopolio intelektualak ezabatzea. Berrikuntza eta sorkuntza sustatzeko hobea baita lehia monopolioa baino.