Galiziarentzako Kulturaren Plan Orokorrean ari da lanean Kultur eta Kirol Kontseilaritza, eta bertan Kultur politikaren garapen koherentea eta eraginkorra sustatuko dituzten estrategiak zehaztuko dituzte. Uste dugu sorkuntza handiko garai batean bizi garela, bai arte eszenikoetan, bai musikan, plastikan eta literaturan. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu aberastasun kultural hori guztia sustatzea, bideratzea eta hedatzea. Hori dela eta, programa bat eratuko da kultur sorkuntzari eta produkzioari babesa emateko. Kontseilaritzak honako helburua hauek izango ditu: oinarrizko kultura sustatzea, kultur heziketa eta kudeaketa hobetzea, kultur industriak indartzea, programazio-sare berriak sortzea, munduan galiziar kultura bultzatzea eta hedatzea, eta kulturaren eta komunikazioaren galiziar esparruaren eraikuntzan aurrera egitea. 2006an abian jarriko den nazioartekotze-planaren bitartez, galiziar kultura kanpoan sustatzea eta hedatzea da hurrengo lau urteetarako helburuetariko bat. Euskadirekin eta Kataluniarekin harremanak izatea izango da lehentasuna esparru horretan, hiru nazionalitate historikoen arteko komunikazioa sendotuko duen "ingurabide" eraginkorra bilatuz. Bestalde, portugesez hitz egiten duten herrietako -batez ere Portugaleko eta Brasileko- kulturekin harremana izateko aukera eskaintzen digu gure hizkuntzak. Gure kultur produkzioentzako eta esperientziak trukatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu merkatu handi horrek. Hainbat proiektu jarri dira abian, egungo Kultur Kontseilaritzako taldea lanean aritu den bi hilabeteetan, eta gure kultur esparrua sendotzera bideraturiko neurriak ere hartu dira, kultur politikan izan den erabateko aldaketaren ondorioz. Hona hemen ekimen garrantzitsuenen zerrenda: Kulturaren Hiria birdefinitzea (oinordetzan harturiko eta orain arte kultur helburu jakinik izan ez duen eraikuntza arkitektoniko handiarena); liburuaren eta irakurtzearen aldeko Galiziako Ituna (liburuaren sektorea indartzeko gizarte-konpromisoa, guretzat estrategikoa baita); Oroitzeko Urtea (2006 urtea Oroitzeko Urte izendatu zen ofizialki eta Kultur Kontseilaritza programa handizalea lantzen ari da, besteak beste, Oroitzapen Zentroa sortzea, Oroitzapen Batzordea eratzea, sarean Atari bat zabaltzea, errepresioaren biktimen zerrenda egitea eta biltzarrak, erakusketak eta omenaldiak egitea).
|