Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

99. Burdinazko Gerrikoa (Larrabetzu)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Bilboren defentsa

Lehen Eusko Jaurlaritza sortu ondoren, 1936ko urrian, Gerra Zibil (1936-1939) betean, Bilboren inguruan defentsa eraikitzeko erabakia hartu zen. Frontea Ondarroa, Eibar, Elgeta, Arrasate eta Otxandioren artean gelditu zela aprobetxatuz, azpiegitura bat egiten hasi ziren, armada frankista gerarazteko eta, ahal bazen, Bilboko eta Ezkerraldeko industriagunera sar ez zedin. Gotorleku-sistema horrek Bilboko Defentsa Hesia izena hartu zuen, eta matxinatuek “Burdin” deitura gehitu zioten, Bilboko industriari erreferentzia argia eginez eta defentsa errepublikarraren sistemaren aurkako ekintza militarra bera handitzeko. Gaur egun, gotorleku-lerroaren izen ezagunena da.

Eusko Jaurlaritzak lubakien lerroak eta bunkerrak konbinatzen zituen defentsa-sistema bat eraikitzea agindu zuen, garai hartan Europa osoan indarrean zegoen ikuskera militarraren arabera, Lehen Mundu Gerraren (1914-1918) esperientziatik eratorria, baina laster zaharkituta geratu zen, Bigarren Mundu Gerran (1939-1945) egiaztatu ahal izan zenez.

Eskualde industrialaren perimetroak 80 km inguru gotortu beharra zekarren Lucero lurmuturra, Barrika, Larrabetzu, Arrankudiaga, Galdames eta Muskiz artean. Obraren kostua garai hartako 50 miliori pezetakoa zen eta, eraikuntzari lehentasuna eman zitzaion garaian, 6.000 langile inguruk parte hartu zuten.

Lubakien lerroa metrailadoreen habiekin eta gotorleku txikiekin sendotzen zen, bata bestetik gutxi gorabehera 400 metrora, lurrean erdi lurperatuta. Gotorleku horietako 180 inguru eraiki ziren. Lubakiek lurpeko babesleku txikiak ere bazituzten, batzuetan harkaitzean zulatutako galeria soilak. Lubakien aurrean metalezko alanbre-hesiak jarri ziren.

Zenbait faktoreren ondorioz, 2 egunetan lerroa erori egin zen eta hurrengo astean matxinatuak Bilbon sartu ziren (ekainaren 19an). Lehenik eta behin, bandoen arteko aldeak aipatu behar dira, gerrako materialari dagokionez. Frankisten alderdiak abiazioaren babesa zuen, funtsean italiarra eta alemaniarra, eta artilleria ugaria eta hobea. Horien bidez errepublikarren defentsak suntsitu zituzten, prestaketa bonbardaketekin. Bigarrenik, Hesia osatu gabe zegoen eta, gainera, ez zegoen prest aireko erasoei aurre egiteko. Azkenik, bere eraikuntzan parte hartu zuten arkitektoetako bat (Alejandro Goikoetxea) matxinatuen aldera pasa zen posizioen eta bere egoeraren berri xehatua emanez eta euskal armadari buruzko beste informazio batzuk azalduz.

Arrakala

Armada moderno baten indarrarekin, Bilboko defentsa-sistemaren puntu ahulei buruzko informazioarekin, armada frankistak Gaztelumendiko (Larrabetzu) sektoreari eraso zion. Inguratuta geratu zitezkeelako eta erasotzaileak geldiarazteko bitartekorik gabe, defendatzaileek euren pozisioak utzi zituzten. Arrakala horretatik hasi ziren sartzen frankistak, eta egun gutxiren buruan Bilbo hartu zuten.

Oraindik irauten duten instalazioetako batzuk aipatutako Gaztelumendi mendiaren inguruan daude, Gaztelu auzoan. Hala ere, zenbait gotorleku eta babesleku haranaren behealdean daude. Hala, Morgatik iristen den errepidea menderatzen duen gainean, Basaguren baserriaren gainean, L formako multzo gotortu bat dago, itsu-leihoak dituen hormigoizko babestoki batekin.

Herrian bertan, Mikel Zarate kaleko 6., 10. eta 12. zenbakietan, beste instalazio batzuk gorde dira, hala nola itsu-leihodun horma bat, nahiz eta eraikin berri baten barruan egon. Azkenik, industrialdearen aurrean dagoen etxe multzoan, Hesiaren parte izan ziren hormigoizko eraikuntza batzuk aurkitu ditugu. Horien artean, metrailadorerako hormigoizko gotorleku txiki bat nabarmentzen da, Pikenetik gertu dagoen Iñoena etxeko hormen kontra itsatsia.

Partekatu

unesco