Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

16. Blas Lezoren oinetxea (Pasaia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Pasaia herriak industrializazio- eta urbanizazio-prozesu sakonak bizi izan ditu XX. mendean batez ere, eta horren ondorio da badiaren goitik beherako itxuraldaketa. Pasaiaren gaur egungo itxurak antz handia du Europan zehar dauden beste portu inguruan kokatutako industria-guneekin. Hala ere, San Pedro auzoko alde zaharra, eta bereziki, Donibanekoa, garai modernoko eraikuntza-multzo interesgarriak dira. San Pedroko arkitektura-elementuen artetik, Blas de Lezo Olabarrietaren (1687-1741) jaiotetxea nabarmentzekoa da. Blas de Lezo, batez ere, garai eta leku bateko adibide argia da: batetik, Frantzia, Espainia, Holanda eta Ingalaterra borrokan zebiltzan Europan eta ozeanoetan nagusitasun politiko eta militarra eskuratzeko; bestetik, Euskal Herria itsasoari begira bizi zen, eta beraz, bertako biztanleek lehen mailako erremintak zituzten (barkuak, itsasgizonak, nautika-ezagutzak, ontzi-industria, merkataritza- eta administrazio-sareak…) beren interes ekonomiko eta politikoak Europako eremu diplomatikoan defendatzeko.

Blas de Lezo Gipuzkoako portu nagusian jaio zen. Portu hori Donostiaren jurisdikziopean zegoen orduan, Gipuzkoako baleontzi eta bakailao-ontzien basea zen, eta Lapurdiko baleontzi-flotaren zati handi batena ere bai. Horrez gain, erregearentzako galeoi eta gerraontzien eraikuntza-gune handia zen, eta bertako zein herrialde aliatuetako mota guztietako merkataritza-ontzi eta kortsarioentzako atrakaleku.

Blas de Lezoren ezizena Mediohombre (erdigizon) zen, hainbat gudalditan jasandako anputazioengatik. 1704an Vélez-Málagako gudaldi zalantzati baina odoltsuan parte hartu zuen, eta kanoi-bala batek ezkerreko hanka erauzi zion. Ontzi-alferez mailara igo zuten eta hainbat borrokatan parte hartu zuen, bai eta Pasaiara eta Baionara eraman zituen ontzien atxiloketan ere. Ontzi-teniente izendatu ondoren, Toulon-go defentsan ari zela, ezkerreko begia galdu zuen. 1710ean fragata-kapitain mailara igo zuten eta 11 atxiloketa egin zituen, tartean Stanhope ontzi britainiarra, 60 kanoiduna (Blas de Lezoren fragataren hirukoitza). 1712an, ontziko kapitain zela jada, Bartzelonaren bigarren erasoan parte hartu, eta zauri batek ezker besoa ezindu zion.

Ondoregotza Gerra 1713an amaitu ostean, ondoren gertatutako hainbat gudalditan parte hartu zuen, baina ospe unibertsala lortu bazuen Cartagena de Indias-en defentsagatik izan zen. 1734an teniente jeneral maila eskuratu zuen, eta 1737an Cartagena de Indias gerra-portuko komandantzia jenerala. Hiri hori funtsezko gotorlekua zen Amerikan Espainiak zuen inperio koloniala defendatzeko. Ingalaterraren bi lehorreratze-saiakera porrotean amaitu ondoren, hirugarrenez, 1741ean berriz eraso egin zuen, Normandiako lehorreratzera arte bere historiako gerra-flota handiena baliatuz, 186 barku, 2.000 kanoi eta 23.000 soldadu. Kopuruz askoz gutxiago izan arren, Blas de Lezoren trebezia estrategikoak ingelesei beren historiako porrot militar handiena jasanarazi zien. Hala ere, Blas de Lezok ezin izan zuen garaipenaz gozatu, handik gutxira Cartagena de Indiasen hil baitzen. Urte batzuk geroago, erregeak haren lorpenak aitortu nahirik, semeari Ovieco-ko Markes titulua eman zion.

Pasaiako portu gaineko oinetxe bat

San Pedroko alde zaharrean kokaturik dago eta Pasaiako portuko aro modernoko erakin tipikoetako bat da. Eraikin horiek, itsasora ematen duen fatxadan kai propioa dute, eta merkantziak eta ontzi-lanabesak gordetzeko lonja bat kaiaren arrasean dagoen sotoan. Sarrera nagusia kalera ematen duen fatxadan dago. Jauregi itxurako eraikinak dira, material noblez eta proportzio ederrez osatuak; itsasoan eskuratutako irabaziei esker eginak.

Blas de Lezoren jaiotetxea harlanduz egindako eraikin bikaina da, oinplano angeluzuzenekoa eta bi isurkiko teilatuduna. Lau solairu ditu, eta behealdean, kaira ematen duen sotoa. Gaur egun errepide batek estaltzen ditu sotoa zein San Pedroko etxeetako gainerako kaiak. Itsasaldera ematen duen fatxadako solairu bakoitzean balkoiak daude aldez alde, eta horiek babesteko ontzi-muturrak ageri dira ertz banatan. Kaleko aldean arku bat dago eta haren azpitik kale estu eta pintoreskoa pasatzen da. Pasabide horren barnean etxeko sarrera nagusia kokatzen da, armarria buru duela, eta goialdean markesaren koroa.

Partekatu

unesco