Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

110. Bilboko alde zaharra (Bilbao)

7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE

Alde Zaharraren bilakaera

Bilboko Alde Zaharreko hiri-multzoaren historia 1300. urtean eman zen foruarekin hasi zen. Pribilegioa jaso zuen kokagunea Begoñako elizatearen jurisdikzio-eremuaren barruan zegoen, komunikazio-bide baten kontrolgune estrategiko batean: hiria aurretik zegoen gaztelu baten (San Anton elizaren inguruan) eta bi ertzak lotzen zituen zubi baten ondoan kokatu zen. Ikuspegi geografikotik, hiribildua ibai ertzeko hareatza baten ondoan zegoen, eta bertan, merkataritzarekin, arrantzarekin eta ontzigintzarekin lotutako jarduerak egiten zirela dakigu ondorengo dokumentuen bidez.

Hiri barrutia, hasieran, hiri kaletan eratu zen (Somera edo Goienkale, Artekale eta Dendarikale), baina hazkunde demografikoaren ondorioz, laster beste lau kale batu ziren (Belostikale, Harategi Zahar kalea, Barrenkale eta Barrenkale Barrena), tradizionalki “zazpi kaleak” izena jaso duen multzoa osatuz. Hirigunearen inguruan, hesi edo harresi bat eraiki zen, eta haren aztarnak oraindik ere Erronda kalean kontserbatzen dira. Izan ere, bere izenak berak adierazten du han harresietatik zaintzeko pasabide bat zegoela.

Hiribilduaren barnealdeko erlijio-antolamenduak bi parrokia-tenplu zituen erreferente. Bilbon izan zen lehen eliza Santiagori eskainitakoa izan zen (gaur egungo katedrala), foru-gutuna eman zenean ere bazegoena. Harresiaren barruko beste tenplua, Behe Erdi Arokoa, San Antoni eskainia dago eta hirigunearen ertz batean dago.

Hiribilduaren dinamismoa eta hiri-espazio gisa izandako arrakasta Behe Erdi Aroko mendeetan zehar bere baitan jauregiak eraiki izanak erakusten du. Arkitektura kultu horren erakusgarri da XVI. mendean Erriberara begira dagoen aldea bereizi zuen jauregi-etxeen kontzentrazioa.

XVI. mendearen amaierak zenbait aldaketa ekarri zituen, hiri-trazaduran aldaketak egin ziren eta harriaren erabilera hedatu zen zurezko eraikinen fabrikazioaren gainetik. Gainera, harresiak eraitsi ziren eta hirigunea hedatzen hasi zen, aurrerantzean kanpoko errebalekin lotuz. XVII. mendean, Austriarren Espainiako hirigintzaren berezko beste espazio bat eratu zen, plaza Nagusiko arkupedun espazioa, joan den mendean Erriberako merkatua eraikitzeko desagertu zena.

XVIII. mendearen amaieran, eta bereziki XIX. mendean, Alde Zaharreko eraikuntzak gehien eraldatu ziren. Etxe zaharrak, oro har Erdi Aroan eratutako lursailak errespetatzen zituztenak, eraitsi egiten dira, eta, pixkanaka, auzokoen etxeen blokeak eraikitzen dira. Garai honetakoak dira antzinako hiribildua modernizatu nahi zuten eraikin berezi batzuk.

Askotariko ondarea

Alde Zaharreko ondare-multzoak, historian zehar aldaketa sakonak bizi izan dituen arren, bere garai zaharrenaren oroitzapena mantentzen du. Zazpi kaletako antolaketa bera (nahiz eta aldatuta egon) Erdi Aroko hirigintzaren ondarea da.

Antzinako Bilbora garamatzaten eraikuntza-elementuen artean, XIV. mendean hasi eta XV. mendearen lehen herenean amaitu zen gotiko estiloko Santiago katedrala dugu. Ojiba-arku formeroz bereizitako hiru habearte ditu, eta gurutzadura eta girola aldare nagusiaren inguruan. Azken elementu hori oso arraroa da Euskal Herriko arkitektura gotikoan. Gurutzeria sinpleko gangek estaltzen dute, gurutzadurakoa izan ezik, tertzeleteak baititu. Fatxada nagusia XVII. mendearen erdialdeko portada klasizista ordezkatzen duen eraikuntza neogotikoa da. XVI. mendearen hasierako klaustroa du tenpluak, eta bere elementu azpimarragarrienetako bat kaletik duen sarrera da (Aingeruaren Atea), gotiko berantiarrekoa.

San Anton eliza Behe Erdi Aroko trazaduna da, 1433an sagratua, eta 1478an handitu zen. Gaur egungo portada errenazentista da eta monumentaltasun nabarmeneko arkupe batean txertatuta dago. Dorrrea barrokoaren amaierakoa da (1774).

Arkitektura zibilari dagokionez, Yhon jauregia (edo burtsakoa), XVIII. mendekoa), Plaza Berria (neoklasikoa) edo Bilboko Udal Liburutegia eta Arriaga Antzokia (XIX. mendearen amaierako eklektizismoaren barruan) nabarmendu behar dira.

Partekatu

unesco