68. Berreñoko Salbatore ermita (Munitibar-Arbaitzegi-Gerrikaitz)
5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO
Berreño herrixka zaharra
Arkeologiari esker, aurrerapen handiak egin ditugu orain dela gutxi arte, dokumentazio idatzirik ez dugulako, “iluna” izan den garai baten inguruko ezagutzan. Gaur egun dakigunez, Mendebaldeko Europan eta, jakina, Bizkaian ere, Erromatar Inperioa desagertu ondorengo mendeetan, biztanleak landa-eremuetan finkatu ziren eta herrixka txikiak sortu zituzten. Oro har, eta bereziki gurea bezalako mendialdeetan, badirudi kokaguneak garrantzi txikikoak izango liratekeela, kide gutxi izango lituzketenak, agian familia bakarrekoak. Ondorioz, zeuden etxeak gutxi ziren, material pobreekin eginak, soroez, larreez, fruta-arbolen zelaiez eta basoez inguratuta egoten zirenak, baita ukuiluez, errementaria txikiez, lurreko produktuak biltzeko garaiez, artegiez eta abarrez ere.
Kokagune horietan, VIII. mendetik aurrera landa-eliza txikiak eraikitzen hasi ziren. Gehienak bizilagunen etxeak baino askoz monumentalagoak izango ez baziren ere, Bizkaian erromanikoaren aurreko elementu apaingarriak nabarmentzen diren adibide asko aurkitzen ditugu, hau da, ustez XI.-XII. mendeen aurrekoak.
Tenplu horiek, gainera, hilobi-espazioa antolatzeko ere balio zuten, hau da, komunitateko kideak lurperatzen ziren hilerriak. Nekropoli horien antolaketarik ohikoena, elizaren inguruan kontzentratzea zen.
Erdi Aroaren amaieran, XII. mendetik aurrera, herrixka horietako asko, lehen autonomia mantentzen zutenak, herri handiagoekin, biztanle gehiago zutenekin eta indartsuagoekin, elkartzen hasi ziren. Kasu batzuetan, paisaian antzinako kokagunearen edozein aztarna desagertzea izan da emaitza. Beste batzuetan, ermita bakarti bat mantentzen da, antzinako “parrokia”-elizaren hondar bezala. Azkenik, herrixka batzuk landa-gune txiki moduan mantendu dira, non, Aro Modernoan, etxe eta baserri berriak eraiki diren. Hori da Berreñoko ermitaren kasua, lau etxeko multzo txiki baten ertzean txertatzen dena, Goienetxegoikoa baserriko lorategiaren barruan.
Harribitxi bat ermita xume batean
Esan dugun bezala, bere jatorria Goi Erdi Arokoa da. Gaur egun duen konfigurazioa XVI. mendean berreraiki izanaren emaitza da, zirkuluerdiko ate dobelatuak, barrura sartzeko erabiltzen denak, erakusten duen bezala. Arkua osatzen duten piezetako batek beherapen biribil bat du, lehen beste funtzio bat zuen harriaren berrerabilpena adieraz dezakeena. Sarrera arkupe txiki batek estaltzen du. Gainera, hegoaldeko horman gezileiho bat du. Barrualdeko zorua adreiluz egina dago, eta presbiterioa taulazko ganga batez estalita dago, hauts-babes gisa.
Beste elementu artistiko interesgarri batzuei dagokienez, arkitektura klasizistako erretaula txiki bat aipatu behar da, baina gotiko berantiarreko erliebe bat du, Jaunaren Antzaldatzea irudikatzen duena (XVI. mendea).
Hala ere, ermitako elementurik aipagarriena XI. mendeko leiho prerromanikoa da, absidean berrerabilia dagoena. Gezileiho monolitiko bikoitza da, lerro ebakiekin apaindua. Horma moderno batean berrintegratuta dago, ez dakigu noiz.