69. Bengolea burdinola-museoa (Munitibar-Arbaitzegi-Gerrikaitz)
5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO
Ura energia-iturri
Erromatarren garaitik, gizakiak uraren mugimenduaren energia erabili du tresna mekanikoak martxan jartzeko. Mendietako iturburuetan sortzen denetik itsasora isurtzen den arte, bide horretan urari grabitateak eragiten dion mugimendua aprobetxatzen saiatu da funtsean. Hala, beherantz doan ur-bolumenak gurpilak mugitzeko adinako indarra izan behar du, horiek eragingo baitiete makina hidraulikoei.
Euskal Herrian zerealen ehotze-jarduerarako hidraulika XI. eta XIII. mendeen artean ezarri zela uste bada ere, ez dakigu nola eta noiz gertatu zen. Aitzitik, burdin ekoizpenean nola erabili zen hobeto aztertu da. Hasieran, burdinolek oso azpiegitura xumea zuten eta ia ez zuten eraikuntza iraunkorrik (labe txikiak, giza indarrak mugitutako hauspoak, teilape txikiak eta txabolak), baina XIII. mendetik aurrera instalazio sendoagoak izan zituzten, hauspoak eta gabiak mugiarazten zituen ura atxiki, bideratu eta aprobetxatzeko.
Burdinolako labe barruan oxigeno fluxu konstante eta ugaria bermatu behar zen, burdin minerala burdina forjagarri bertan bihurtzen baitzen. Ondoren, materiala gori zegoela mailukatu behar zen, arazteko eta lingoteak edo landutako piezak osatzeko. Ordura arteko burdinoletan lan horiek giza indarra erabiliz egiten ziren arren, instalazio berrien gurpilek hauspoak eta gabia mekanizatzea ahalbidetu zuten. Berrikuntza teknologiko horrek burdinolen eraginkortasun eta produktibitate handiagoak ekarri zituen.
Bengolea: burdinolatik errotara
Bengolearen kasua oso eredu hedatua da Euskal Herrian: burdinola, hainbat arrazoi zirela medio, errota bihurtua. Agian, burdinolaren mantenuak lan handiagoa eskatuko zuen errotarenak baino, eta, ondorioz, jabeek errentagarritasun hobea lortuko zuten aldaketa horrekin. Nolanahi ere, XVII. mendearen amaieran martxan zegoen aleak ehotzeko errota, eta burdinola desagertuta zegoen jada.
Arkeologoek lurpetik atera dituzte burdina ekoizteko instalazio hidrauliko horren hondarrak, eta ikusi ahal izan da Euskal Herriaren historian mugarria izan dela aurkikuntza hori, izan ere, azaldu diren elementuak dira, orain arte, Euskal Herrian hidraulika metalurgian aplikatu izanaren proba goiztiarrena.
Zehazki, burdinolaren aspaldiko bi fase atzeman dira. Lehenak XIII. mendearen bukaerara arte iraun zuen gutxi gorabehera: burdina murrizteko labe baten hondoa eta gabi txiki bat (matxinoa) jartzeko oinarria. Hurrengo fasean, XV. mendearen amaieran edo XVI. mendearen hasieran, burdinola berri bat jarri zen burdinola zaharraren ondoan, eta arkeologoek haren gabiaren eta labearen hondakinak aurkitu zituzten.
Gaur egun, multzo hori musealizatuta dago, eta lurpetik ateratako hondakinak bisitatu egin daitezke.