Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

122. Barakaldoko hirigunea (Barakaldo)

7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE

Herrixkatik hiri izatera

Barakaldoko egungo kokagunearen eta gune historikoaren jatorria Goi Erdi Arokoa da. Agertzen den lehen aipamen dokumentalak 1051. urtera eramaten gaitu. Bertan, “senior Lope Blascoz Baracaldoensis” bat aipatzen da, bertan dagoena eta Eneko López Bizkaiko jaunak Arabako gotzain Garcíari egiten dion dohaintza berresten duena. Aipamen horrek adierazten digu garai hartan bazela lekuaren izenaz deitzen zen pertsonaia bat, ziurrenik Barakaldoko herrixkako komunitatean nagusitasuna zuena.

Ezagutzen ez diren arrazoiengatik, XIV. mendean, bere parrokia Erandioko parrokiaren mende zegoen, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren beste aldean, 1340an Sancho López Barkaldokoak, Lope González Zorrotzakoak eta Galindo Retuertokoak eliza hartatik bereiztea lortu zuten arte. Une horretatik aurrera, elizaren patronatua zenbait leinuren artean banatuta agertuko da. Horrek, bere errenta hamartarren banaketa, elizgizonak aukeratzea eta eliza barruan eskubide batzuk izatea esan nahi zuen, lehentasunezko tokietan lurperatzea eta esertzea kasu.

Dirudienez, Erdi Aroko eta Aro Modernoko mendeetan, herriko jarduera nagusiak nekazaritza eta abeltzaintza lanak eta, batez ere, burdina egitea izan ziren, Trianoko mendietako burdin-zainetara iritsi ahal izateari esker. Itsasadarrarekiko gertutasuna beste baliabide bat izan zen, eta gatazka bat baino gehiago eragin zituen ondoko Bilbo eta Portugaleterekin eta inguruko beste kontzeju batzuekin. Azkenik, Barakaldok ibai-merkataritzarekiko zituen eskubideak mineralaren esportaziora murriztu ziren.

Herrirako aldaketa nagusia 1854an Bilboko (ondoren, “Bizkaiko”) Labe Garaien aurrekoaren eraikuntza izan zen, Karmengo Amaren fabrika siderurgikoa, hain zuzen ere. Fabrika hori eta beste batzuk hurrengo mendean agertu ziren, eta landa-herri bat errotik eraldatu zen Euskal Herriko hiriguneetako biztanleria-dentsitate handienak dituen hiri batean bihurtuz.

Testuinguru horretan, antzinako baserriak eta jauregiak eraisten eta burgesen eta langileen etxebizitzak eraikitzen hasiko dira. Era berean, antzinako burdinola eta erroten ordez fabrikak etorriko dira.

Iraganaren oroitzapena

Ondare-multzoa da, Erdi Aroko jatorria duena, eta, gaur egun, antzinako elizatearen hiri-hazkunde handiak estaltzen du. Inguru horretako aztarnarik zaharrena San Bizente eliza katolikoa da, harreharriz egina eta estilo barrokokoa (XVII. mendea). Udalerriaren industrializazioak kontraste urbanistiko handia ekarri zuen eta, horrela, burges eta langile etxe berriak agertu ziren bere inguruan, hala nola, Bizkaiko Labe Garaien etxeak edo Gorostizatarren jauregia.

Partekatu

unesco