Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

49. Astigarribia herrixka (Mutriku)

4. ETAPA: DEBA • MARKINA-XEMEIN

Astigarribiko multzoaren jatorria

Deba ibaiaren beheko zati honetan jada Paleolitoan biztanleak zeuden, inguru honetako kobazulo ugarietan aurkitutako aztarnek frogatzen duten bezala. Hala ere, Antzinatearen azken mendeak arte, Erromatar Inperio berantiarrean, ez zen Mutrikuko Astigarribia auzunean lehen giza kokagunea ezarri. Bere kokapenak, Deba ibaiaren ertzean eta ur-ibilgu garrantzitsu hori zeharkatzen duen ibiaren mendebaldean, giza kokagune hau hain goiz agertzea azal lezake.

Erromatarren garaiaren ondoren populazioak izandako iraupenari buruzko frogarik ez dugun arren, inguru honetan egindako ikerketa arkeologikoek erakusten digute X. mendearen amaieran jendea bizi zela bertan. Dirudienez, tamaina txikiko eraikin batzuk daude (etxolak baino askoz gehiago ez direnak), eta horien ondoan landa-eliza bat eraikitzen da (San Andresi eskainia) eta artisau-jarduerak egiten dira (burdin ekoizpena, adibidez). Mende bat geroago, dokumentuek nekazaritza jarduerak eta ibai arrantza aipatzen dituzte.

Behe Erdi Aroan, parrokia-tenplua Astigarribiatarren patronatuaren menpe zegoela ezagutzen dugu, horrek, euren errentak kobratzea, klerikoak aukeratzea eta elizako tokirik garrantzitsuenetan jartzea ahalbidetzen zielarik.

Ez litzateke zuzena esatea antzinako Erdi Aroko herrixkak gaur egun arte iraun duela, baina esan liteke haren bilakaerak ahalbidetu duela gaur egun ere Erdi Aroko biztanle-gune baten ezaugarri asko hautematea. Beste modu batera esanda, Astigarribia auzoa Erdi Aroko herrixka baten adibide bizia da, ondorengo mendeek aldatua, baina Euskal Herriko Kantaurialdeko landa populatze eredu tipiko bat ikustea ahalbidetzen duena.

Multzoaren ezaugarriak

Astigarribiko landa-kokalekua kareharrizko lurretan dago. Bertan, mendiak, muinoak eta malda malkartsuak konbinatzen dira lautada, belardi zabal eta soroekin. Gaur egungo Torre baserria, Astigarribiatarren oinetxea, Deba ibaiari itsatsita dago, eta horrek izaera propioa eman zion herrixkari; izan ere, landa-multzoak kaia eta ontziola izan zituen, nahiz eta gaur egun apenas kontserbatzen diren horien aztarnak.

Galtzadatik gora (gaur egun hormigoizko zoladuraz estalia), San Andres parrokia-elizara iristen da, Gipuzkoan ezagutzen den arkitektura-elementu prerromaniko bakarra gordetzen duen tenplua. Ferra-arkuzko leihoa da, txaranbeldua, eta Goi Erdi Aroko tenpluko absidearen paretan nagusitzen da. Gaur egun, tenplu hori beste eraikin baten barruan dago. Hala, Erdi Aroaren amaieran, eliza handitu arren, nahiko zabalera handia emanez, antzinako hormak ez botatzea erabaki zen. Horrela, Astigarribiko eliza euskal arkitektura erlijiosoaren adibide oso berezia da.

Aurrera jarraituz, Jauregi eta Etxezabal baserrietara iritsiko gara, biak ere Astigarribiko maiorazkoarenak Aro Modernoan. Bere jatorria, Behe Erdi Arokoa, fatxadetan ikusten diren dobeladun arkuetan suma daiteke. Ez dira momentu historiko horretatik datozen bakarrak, Mutrikurako norabidean jarraituz, multzotik pixka bat aldenduta, Gorio eta Zalbide etxeetan antzinatasun handiko elementuak aurkitzen baititugu.

Partekatu

unesco