Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

AROA Marko Orokorra eta dokumentu nagusia

Hona hemen onartutako testua:

EUSKARA ARO BERRIAN

Euskararen ekarpena gizarteari

Aldakortasun betean dagoen gizarte honetan, zein ekarpen emankor egin geniezaioke euskaratik munduari? Gizarte eraldaketarako eragile izatea. Euskara nahiz euskal kultura mundu berri honetan lekutzeko ahalegina eginez, munduko aniztasunari ekarpena egitea gizarte justu eta ekitatibo bat sortzeko.

Euskararen alde egindako ibilbide historikoak erakutsi digu aniztasunean aurrera egitea dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko biderik eraginkorrena. Hizkuntzen arteko bizikidetzan eta gutxiagotasun egoeren zaintzan Europa kultural eta eleanitzaren alde egitea aniztasuna onartu eta kudeatzea da; nortasun propio bakoitza balioan jarri eta polikromia balio positibo modura erakustea. Edozein ekosistematan jasangarriena delako aniztasuna kudeatzea, gutxiagotasun egoeran dauden elementuak babestu edota zaintzea.

Baina ez da nortasun, sentimendu edota eredu kontu bat bakarrik. Justizia, lege eta eskubide kontu bat ere bada. Euskara hizkuntza ofiziala da Euskadin, gaztelaniarekin batera. Gure helburua da Europan ere euskara hizkuntza ofiziala izatea.

Izan ere, hizkuntza oro bezala, euskara komunikatzeko tresna da euskal elebidunon artean.

Euskara bada, horrez gainera, elkarbizitzarako eta gizarte inklusiboago eta kohesionatuagoa eraikitzeko tresna ere; euskara ez baita, XXI. mendean, etxean jasotako hizkuntza bakarrik. Euskal komunitatea osatzen dugu euskara etxean nahiz etxetik kanpo jaso edota erabiltzen dugun guztiok. Euskara ulertu eta erabiltzen dugunok. Euskara erabiltzen laguntzen dugunok. Euskara ezagutzen dugunok. Euskararen komunitatera hurbiltzeko daudenak... Euskaldun izatearen definiziorik zabalenari keinu egiten diogunok.

Kultura soziolinguistiko berri baten atarian gaude. Elebitasun orekatuaren bila doan gizartea eta gainera, hiztun eleaniztunen aniztasuna aintzat hartu nahi duena. Euskara erabili eta haren alde egiteko aukera askotarikoak bere egiten dituena. Euskarazko harreman erosoak sortzea da helburua. Babesguneak, euskaraz aritzeko testuinguru babestuak: parte hartzen duten guztiek kontuan hartzen dituzte euskaraz aritzeko aukera eta ahalmen askotarikoak, eta hizkuntza-estresik gabeko harremana sortzeko baldintzak eraikitzen dira. Hiztunari eta hizketaldiari balioa ematen zaio edozein delarik ere bere jarrera edo ahalmena.

Aroa gizarte honen beharrei erantzun nahi dien marko estrategikoa da. Aroak euskaratik ere gizartea eraldatzeko tresna izan nahi du, euskararen ekosistema osoan eragina izan dezaketen erronkak definituz eta bere eginez, euskararen hizkuntza komunitatea zabaltzeko eta ahalduntzeko bidean. Horrela, balio nagusi hauek ditu: oroz gaindi, adostua, egingarria eta eragingarria izatea. Hizkuntza-ekologiaren begiradatik aniztasuna kudeatzea (eleaniztasuna; hizkuntza- eta kultura-aniztasuna). Justizia soziala eta gizarte-inklusioa erdiesteko baliabideak sortu nahiz erraztea, horretarako, zeharlerrotasuna, lankidetza eta partehartze koordinatua lehenetsiz.

  • Gobernantza

Aroaren nahiari erantzuna emateko egituratze eta lankidetza eredu propio bat proposatzen da. Gobernantza eredu jakin bat behar dugu, zeharkakotasunean eta parte-hartze koordinatuan oinarritutakoa, eta era berean, tokian tokiko beharrei lekua egingo diena. Euskara zerbitzuek edota euskalgintzak egingo duen jardunarekin batera, gizartearen esparru guztietatik eraldatu nahi da euskararen indarberritzea.

  • Jarrerak - Motibazioak

Euskararen aldekotasun edo kontrakotasun ideologikoaren gainean arreta jartzeari erantsiko diogun ariketa izango da hiztunek euskararekiko dituzten motibazioei begira jartzea. Hiztunaren motibo psikosozialetan arreta jarriz hiztun bakoitzak dituen motibazio iturrien gainean lan egiten da, baita horiek eraldatu edo indartzen ere.

  • Ezagutza - Gaitasuna

Euskararen ezagutzari erreparatzeaz gain, hiztunen komunikazio gaitasunean jarriko da arreta. Komunikazio egoera ezberdinetan euskara dagokion eran baliatzeko gaitasunaz eta horretarako hiztunak dituen behar soziolinguistiko zein komunikatiboez aritzea esan nahi du horrek.

  • Erabilera - Elkarreragina

Erabilera kontzeptua zabalduz, hiztunen arteko elkarreraginean gertatzen diren egoera komunikatiboei begira jarriz eragitea proposatzen da: euskara ulertu edota erabiltzeko baldintzak, elkarrekintza egoeretako hizkuntzen arteko joanetorriak, hiztunen arteko botere harremanen zernolakoak, hizkuntza ohiturak...

Aurretik aipatu dugun guztiak sistema hori ondo sostengatzeko kudeaketa-ardatz estrategiko hauek ere behar ditu: berrikuntza, ikerketa-sistematizazioa eta komunikazioa-hedapena.

  • Berrikuntza

Euskararen indarberritzean berrikuntza eginez gizarte osoarentzako onuragarri diren irtenbide berriak garatuko dira. Euskara ardatz duen berrikuntza esplorazio betean izango da eta gizarte eraldaketa sortuko du. Berrikuntza prozesuan baliatutako lankidetza ereduek, baliabideek eta sortutako galdera berriek eragingo dute irtenbide berrien sorkuntzan.

  • Ikerketa - Sistematizazioa

Ikerketaren egitekoa izango da euskararen bilakaeraren gaineko jarraipena egiteaz gain, Aroaren ardatzek dituzten jakintza beharrak elikatzea. Ezagutza berriaren gaineko ikerketa prozesuan nahiz amaieran sortu diren praktika on eta arrakastatsuak sistematizatzeko estrategia lantzea izango da beste egitekoa.

  • Komunikazioa - Hedapena

Komunikazioaren barne dimentsioari arreta jartzeko ekimenak lantzeko ardatza da hau; prozesuan zein amaieran. Norbanakoa, Eragiletaldea edo Komunitatea. Hiru elementu hauen arteko harremanetan eragingo da komunikazio eraginkorra lortzeko. Hedapenaren bidez, berriz, prozesuak eta emaitzak komunikatzeko estrategiak garatuko dira.