Egoitza elektronikoa

Aldi baterako enplegua finkatzeko hautaketa prozesuak: informazio orokorra

Eduki hauek informazio-izaera dute, eta deialdiaren oinarrien alderdi garrantzitsuenak laburbiltzen dituzte, baina ez dute balio juridikorik. Oinarriak arreta handiz irakurtzea gomendatzen dugu, horiek baitira hautaketa-prozesuen alderdi guztiak erregulatzen dituen araua.

Administrazioan, karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak eskaletan taldekatzen dira. Eskala bakoitza antzeko funtzioak eta titulazio-baldintza komunak dituzten lanpostu batzuek osatzen dute. Hala, adibidez, Administrazio Eskalan sartzen dira, besteak beste, pertsonaleko administrarien, kudeaketako administrarien eta Zuzenean zerbitzuko agenteen lanpostuak.

Beraz, hautaketa-prozesuak eskala bakoitzean sartzeko deitzen dira. Hautaketa-prozesuaren amaieran sartuko dira hautagaiak lanpostu jakin batera, bakoitzaren azken puntuazioa eta lehentasunak uztartuta, betiere aldez aurretik hautaturiko lanpostuaren baldintzak betetzen direla egiaztatuta: hizkuntza-eskakizuna, gidabaimena, etab.

Administrazioko lanpostuetan lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuetan modu berean sartuko dira.

Oraingoan deitzen diren hautaketa-prozesuak bi motatakoak dira: enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua eta enplegua finkatzeko prozesu berezia.

Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa-sistemaren bidez garatuko da. Horrek esan nahi du prozesu horretan ez dela probarik edo azterketarik egingo, eta deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan eskala jakin batean zehaztutako merezimendu batzuk soilik baloratuko direla: esperientzia administrazio publikoan, titulazioak, hizkuntzak, etab.

Aitzitik, enplegua finkatzeko prozesu berezia oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez garatuko da. Hau da, oposizio-fasean izangaiek proba bat gainditu beharko dute, nahitaezkoa eta baztertzailea, eta, ondoren, lehiaketa-fase bat egongo da, non lehen aipatutako salbuespenezko prozesuan baloratzen diren merezimendu berak baloratuko baitira.

Deialdi horietan eskaintzen diren lanpostuak prozesu mota desberdinen artean banatzen dira eta, horien barruan, txanda eta sartzeko modalitate desberdinen artean.

Pertsona bakoitzak prozesu mota bakar batean (berezia edo salbuespenezkoa) edo bietan parte har dezake, betiere horretarako baldintzak betetzen baditu.

Prozesu mota bakoitzean (berezia edo salbuespenezkoa) ez dira lanpostu berberak eskainiko. Guztietarako aukera eduki nahi izanez gero, bi prozesu motetan parte hartu beharko da. Prozesu mota bakar batean parte hartuz gero, prozesu mota horretan sartuta dauden lanpostuetara mugatuko da lanpostuen azken hautaketa.

Bi deialdi motetan aldi berean aukeratuko dira lanpostuak; horrela, bi prozesu motetan lehiatzen denak eta lanpostua aukeratzeko moduan dagoenak bere lehentasunen artean sartu ahal izango ditu prozesu berezian edota salbuespenezko prozesuan eskainitako lanpostuak, eta horiek tartekatu ahal izango ditu bere lehentasunen hurrenkera ezartzerakoan. Aitzitik, lehen adierazi den bezala, prozesu edo deialdi mota bakar batean parte hartzen dutenek prozesu edo deialdi horretan eskainitako lanpostuetara mugatu beharko dute hautaketa.

Horrela, txanda irekian eta sarbide orokorreko modalitatean parte hartzen badut bai prozesu berezian bai salbuespenezko prozesuan, eta nire azken puntuazioak aukera ematen badit lanpostuen hautaketan parte hartzeko deitutakoen artean egoteko, prozesu batean zein bestean eskainitako lanpostuak sartu ahal izango ditut nire lehentasunen artean. Hala ere, prozesu berezian txanda irekian eta sarbide orokorreko modalitatean soilik parte hartzen badut, prozesu berezian eskainitako lanpostuei buruzko lehentasunak adierazi ahal izango ditut soilik.

Hautaketa-deialdien oinarriek osatzen dute prozedurak eta haien ebazpenak bete behar duten legea; beraz, berdin lotzen dituzte parte-hartzaileak, deialdia egin duen administrazioa eta epaimahaiak. Egungo deialdietan oinarri orokorrak eta oinarri espezifikoak bereizten dira.

Oinarri orokorrak, bai funtzionarioen bai lan-kontratudunen prozesuetarako, hiru ataletan banatzen dira. Lehenengoak prozesu guztien elementu komunak jasotzen ditu. Bigarrenak enplegua finkatzeko prozesu berezien berariazko elementuak biltzen ditu, eta hirugarrenak, berriz, enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen berariazko elementuak. Azkenik, II. eranskin gisa, gai-zerrendaren zati orokorra jasotzen dute deitutako eskala eta kategorietarako (laguntzaileentzat, administrarientzat eta laguntzaileen lanbide-taldeentzat izan ezik). (Oposizio-aldiko probaren A zatia)

Lehenengo atalean jasotako prozesu guztien elementu komunen artean, honako hauek azpimarra ditzakegu:

  • parte hartzeko betekizun orokorrak eta egiaztatzeko modua
  • lanpostuak esleitzeko baldintzak
  • eskabideak aurkeztea
  • betekizunak eta merezimenduak erreferentzia-datak, deskribapena, alegazioa eta egiaztapena
  • onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda
  • hautaketa-prozesuen garapena
  • lanpostuak hautatzea
  • destinoak esleitzea
  • hautatutakoen zerrenda
  • dokumentazioa aurkeztea
  • izendapena eta lanpostuaz jabetzea
  • esleipen gehigarriak
  • epaimahaia
  • lan-poltsak
  • datuen babesari buruzko alderdiak

Bigarren atalean jasotzen diren finkatzeko prozesu berezien arau espezifikoen artean, honako hauek daude:

  • Hautaketa-sistema eta parte hartzeko txandak eta modalitateak
  • Barne-sustapeneko txandan parte hartzeko betekizun espezifikoak
  • Oposizio-fasea: probak, proben garapena
  • Lehiaketa-fasea
  • Azken kalifikazioa

Bigarren atalean jasotako salbuespenezko finkatze-prozesuen arau espezifikoen artean, honako hauek daude:

  • Hautaketa-sistema eta parte hartzeko modalitateak
  • Hautaketa-prozesua
  • Azken kalifikazioa

Oinarri espezifikoak eskala edo kategoria baterako deialdi zehatz bakoitzari buruzkoak dira. Beraz, deitutako eskala edo kategoria bakoitzerako, honako hauek arautzen dituzte:

  • deitutako lanpostuen kopurua, horiei dagozkien txanda, modalitatea eta hizkuntza-eskakizuna adierazita.
  • parte hartzeko betekizun espezifikoak: nahitaezko titulazioa, ordaindu beharreko tasak…
  • esleitzeko baldintza espezifikoak (halakorik badago)
  • hautaketa-prozesua: proba eta merezimenduen balorazioa prozesu berezietan, eta merezimenduen balorazioa baino ez salbuespenezko prozesuetan.
  • oposizio-faseko probaren gai-zerrenda administrarien, administrari laguntzaileen eta laguntzako langileen talde profesionalaren eskaletan
  • gainerako eskaletako oposizio-faseko probaren B zatirako gai-zerrenda

Txanda irekia: Hautaketa-prozesuetan parte hartzeko baldintza orokorrak betetzen dituen edozein pertsonak parte har dezake txanda horretan, deitutako hautaketa-prozesuaren barruan.

Barne-sustapeneko txanda: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean jadanik integratuta dauden pertsonek parte har dezakete txanda horretan, azpitalde, talde edo kategoria bereko edo handiagoko eskala edo aukeretara sartzeko.

Desgaitasuna dutenentzako erreserba modalitatea: Modalitate hau txanda irekian nahiz barne-sustapenean egon daiteke, eta arlo honetan eskumena duen organoren batek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortu dien pertsonentzat gordetzen da.

Hautaketa-prozesuan txanda bakar batean parte har daiteke: Txanda irekia eta barne-sustapeneko txanda dagoen prozesuetan, horietako bakar batean parte hartu ahal izango da.

Hautaketa-prozesuan, modalitate bakar batean aurkezteko aukera izango da: Sarbide orokorreko modalitatea eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatea duten txandetan, modalitate horietako bat bakarrik baliatu ahal izango da.

Hala ere, baldin eta, behin desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko plazak agortuta, modalitate horretan parte-hartzaile gehiago badaude, dagokion txandan eta deialdian sarbide?modalitate orokorreko plaza bat lortu ahal izango dute, prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.

Hautaketa-prozesu bakoitzaren deialdian zehaztuko dira prozesuan dauden txandak eta modalitateak.

Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuetan ez da egongo barne-sustapeneko txandarik.

 

  1. Hautaketa-prozesu guztietarako eta txanda eta modalitate guztietarako baldintza orokorrak. (3.3 oinarri orokorra)

    Betekizun horiek honako hauen ingurukoak dira: nazionalitatea, gaitasun funtzionala, adina, titulazioa (dagokion deialdiak zehaztuko du, oinarri espezifikoetan), hautaketa-prozesuan parte hartzea eragozten duen egoeran ez egotea (ebazpen judizial bidez, diziplina-espediente bidez), ezintasunean edo bateraezintasunean ez egotea eta dagokion tasa ordaintzea.

  2. Hautaketa-prozesu batzuetarako betekizun espezifikoak (3. oinarri espezifikoa).

    Hautaketa-prozesu batzuen oinarri espezifikoek berariazko betekizunak jasotzen dituzte, eta prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek horiek bete beharko dituzte, betekizun orokorrez gain (titulu edo ziurtagiri jakin batzuk, gidabaimena…).

  3. Barne-sustapeneko txandan parte hartzeko baldintzak (22. oinarri orokorra)

    Barne-sustapeneko txandan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean jadanik integratuta dauden pertsonek, azpitalde, talde edo kategoria bereko edo handiagoko eskala edo aukeretan sartzeko, betiere prozesuan parte hartzeko baldintza orokorrak betetzen badituzte, bi urteko antzinatasuna badute eta jatorrizko azpitalde, talde edo kategorian zerbitzu aktiboan (edo 22. oinarri orokorrean adierazitako administrazio-egoeretan) badaude. Zenbait hautaketa-prozesutan, beste betekizun batzuk izan daitezke eta horiek dagokion hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoetan ezarrita egongo dira.

  4. Desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-modalitatean parte hartzeko baldintzak (4.1 oinarri orokorra)

    Modalitate honetan parte hartu ahal izango dute % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek, foru-aldundietako organo eskudunak, IMSERSOk edo baliokideak aitortuta.

  5. Noiz bete behar dira hautaketa-prozesuetan parte hartzeko baldintzak?

    Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete behar dira.

    Hala ere, arau orokorra da ez direla eskabidearekin batera egiaztatu behar prozesuan parte hartzeko, baizik eta geroagoko uneetan (ikus AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA (leiho berri batean irekitzen da) izeneko atala).

Hautaketa-prozesu horietan parte hartzeko, eskabide bat aurkeztu behar da parte hartu nahi den eskala edo kategoria bakoitzeko, bai eta parte hartu nahi den prozesu-mota bakoitzeko ere. Hau da, administrazio-eskalan sartzeko prozesu berezian zein salbuespenezko prozesuan parte hartu nahi bada, bi eskabide bete beharko dira.

Hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, hiru urrats hauek bete behar dira nahitaez:

  1. Eskabidearen atal guztiak bete
  2. Oinarri espezifikoetan zehaztutako epearen barruan aurkeztu
  3. Deialdietan izena emateagatiko tasak ordaindu, oinarri espezifikoetan zehaztutako epearen barruan

 

Eskabideak aurkeztea:

Ahal dela, eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, Enplegu Publikoko Atariaren bitartez, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/ (leiho berri batean irekitzen da)

Horretarako, bitarteko hauetako baten bidez identifikatu behar da:

Aldi baterako erabiltzaileak eskabidea egiteko, tasak ordaintzeko, eskabidea kontsultatzeko eta onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak kontsultatzeko aukera baino ez du ematen.

Onartutako identifikazio- eta sinadura-bitartekoek, horrez gain, aukera ematen dute:

  • Egindako inskripzioaren datuak aldatzeko, inskripzioa egiteko epearen barruan.
  • Eskabidea zuzentzeko, hala badagokio, zuzentzeko epearen barruan.
  • Enplegu Publikoaren Atarian prozesuari buruz argitaratzen den informaziorako sarbidea izateko eta haren jarraipena egiteko.
  • Erreklamazioak aurkezteko, horretarako ezartzen diren epeetan.
  • Lehiaketaren faseko merezimenduak alegatzeko, horretarako ezartzen den epearen barruan.
  • Lanpostuak hautatzeko eta, hala badagokio, lanpostuen betekizun espezifikoak alegatzeko, horretarako ezartzen den epearen barruan.
  • Eskatzen den dokumentazioa eransteko, hala badagokio.

Eskabidea aldi baterako erabiltzaile baten bidez egin dutenek erabiltzaile hori onartutako identifikazio- eta sinadura-bitarteko (Bakq) bihur dezakete, enplegua finkatzeko prozesu berezietako oposizio-faseko probaren egunean bertaratuz.

  • Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, 945017000 telefono-zenbakira deitu ahal izango da, edo hautaketa-prozesuaren web orrian dagoen KONTAKTUA atalaren barruan dagoen INTERNET azpiatalean dagoen inprimakia bete eta bidali.

Eskabide elektronikoa aurkezteko baliabiderik izan ezean, Eusko Jaurlaritzako KZ-Gunea zentro publikoetan ere egin ahal izango da. KZ-Gunea zentroen zerrenda eta kokapena helbide honetan ikus daitezke:www.kzgunea.eus (leiho berri batean irekitzen da)

Eskaera egiteko, aurrez aurreko arreta ere eskatu ahal izango da, hitzordua eskatzeko sistema baten bidez, HAEEren egoitza hauetan horretarako jarriko diren bulegoetan:

Gasteizen:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea; Wellington Dukearen kalea (Lakua 1) PK: 01010.

Bilbon:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP); Errekalde zumarkalea 18. PK: 48009.

Donostian:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP); San Bartolome kalea 28. PK: 20007

Aipatutako lekuetan eskabideak aurkezteko eta jendeari arreta emateko ordutegia, oro har, honako hau izango da:

Astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara

Aurretiko hitzorduaren sisteman web orri honen bidez edo 945017703 telefonora deituta sar zaitezke.

Gogoratu nahi duzun eskala edo kategoria adina eskabide aurkeztu behar dituzula, bai eta parte hartu nahi duzun prozesu mota bakoitzeko ere (berezia edo salbuespenezkoa).

Eskabidearen edukia. (8.4 oinarri orokorra)

Eskabidea nola egin jakiteko, bideo tutorial bat ikusi ahal izango duzu IVAPen webgunean.

Eskabide-orriko atal hauek bete beharko dira:

  • Prozesua zuzen kudeatzeko datu pertsonalak.
  • Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta helbide elektronikoa.
  • Zer hautaketa-prozesutan parte hartu nahi den (enplegua finkatzeko prozesu berezia edo enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua).
  • Enplegua finkatzeko prozesu bereziaren kasuan, zer txandatan parte hartu nahi den (irekia edo barne-sustapena).

Nahi den aukera berariaz jasotzen ez bada, txanda irekia hautatu dela ulertuko da.

  • Zein kidego eta eskalatan parte hartu nahi den.
  • Zer hizkuntza ofizial, euskara edo gaztelania, aukeratzen den oposizio-faseko hautaprobak eta, hala badagokio, espezialitatea egiaztatzekoak egiteko.
  • Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitatean parte hartzeko aukera.

Nahi den aukera berariaz jasotzen ez bada, sarbide orokorreko modalitatea hautatu dela ulertuko da.

  • Hautaprobak egiteko denboran eta baliabideetan egoki ikusten diren egokitzapenak eta doikuntzak eskatzeko aukera.
  • Titulazioa.
  • Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

Eskabidean, gainera, alegatu beharko da betetzen direla parte hartzeko baldintza orokorrak eta, hala badagokio, barne-sustapeneko txandan eta desgaitasuna duten pertsonak sartzeko modalitatean parte hartzeko betekizun espezifikoak.

ADI: Oinarri espezifikoetan eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barruan ordaindu beharko da tasa.

Ordaintzeko bi era daude:

1.– Online ordainketa.

Ordaintzeko modalitate hau eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri, erakunde hauetako bateko banku-elektronikoaren bezero izanez gero: Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, Banco Santander, BBVA, Sabadell Guipuzcoano, Bankia, Bankoa eta Rural Kutxa. Bizum bidez ere egin ahal izango da, edo Visa edo Mastercard txartelak erabiliz.

2.– Offline ordainketa.

Sistemak sortutako ordainketa-gutuna inprimatzen bada, jarraian zehazten diren banku-erakundeetako edozein sukurtsaletara joan daiteke ordaintzera. Halaber, barra-kodearen irakurgailua duten edo datuak eskuz atzeman ditzaketen kutxazain automatikoetan ordain daiteke tasa.

– Banco Santander

– Bankia

– Bankoa

– BBVA

– Caixabank

– Kutxabank

– Laboral kutxa

– Rural Kutxa

– Sabadell Guipuzcoano

Era berean, badago aukera ordainketa-gutunean ageri den QR kodea eskaneatzeko, telefono mugikor batetik, eta, horrela, automatikoki ordainketa-pasabidera sartu.

Ez da beharrezkoa ordainagiria administrazioari bidaltzea, finantza-erakundeek automatikoki bidaliko baitituzte ordainketa-datuak.

Tasen zenbatekoa hautaketa-prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezartzen da.

Hautagaiak ez baditu tasak ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barruan, prozesutik kanpo geratuko da.

Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzen dezan.

BETETZEA

Betekizunak eta merezimenduak betetzeko data orokorra.

Eskabideak aurkezteko epearen azken eguna.

Betekizunak eta merezimenduak betetzeko data orokorraren salbuespenak.

·     Euskara: oinarri espezifikoetan ezartzen den data.

·     Elkargokide izatea: Lanpostuaz jabetzean aurkeztuko da.

·     Espezialitatea: Oinarri espezifikoek zehazten dutenean.

ALEGATZEA

Hautaketa-prozesuan parte hartzeko betekizunak.

Prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera.

Prozesuan baloratzen diren merezimenduak.

Horiek alegatzeko irekiko eta iragarriko den epean.

Lanpostu batzuen betekizun espezifikoak.

Merezimenduak alegatzeko epean.

EGIAZTATZEA (9. OINARRI OROKORRA)

ARAU OROKORRA

Alegatutako betekizunak eta merezimenduak egiaztatzen ditu IVAPek, eta, horretarako, kontsulta egiten die EAEko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen administrazio-erregistroei, administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataformari edo ziurtagiria ematen duen erakundeari.

Interesdunak aurka egiteagatik IVAPek ezin baditu kontsulta horiek egin, edo, kontsultak egin ondoren, ezinezkoa izan bada baldintza edo meritua egiaztatzea, betekizunak eta merituak egiaztatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du interesdunak.

ARAU OROKORRAREN SALBUESPENAK

Atzerriko titulu akademikoak

Merezimenduak alegatzeko epean, betekizun edo merezimendu gisa alegatutako tituluaren eta homologazio-agiriaren kopia soila aurkeztu beharko da.

Euskara maila

HAUTAKETA-PROZESUAN EZ DA EUSKARAREN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO PROBARIK EGINGO. Honela egiaztatuko dira:

·   IVAPek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) kontsultatu du. Egiaztatutzat joko dira oinarri espezifiko zehatzetan ezarritako data baino lehenagoko egiaztatze-data duten hizkuntza-eskakizunak.

·   ETZEBan ez dauden ziurtagiriak eta tituluak: dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko da, oinarri espezifikoek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen duten data baino lehen.

Euskara ez diren beste hizkuntza batzuen ezagutza.

IVAPek Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak kontsultatzen ditu.

Beste erakunde batzuenak: kopia soil bidez egiaztatuko dira, merezimenduaren alegazioarekin batera.

Hizkuntzen titulu eta ziurtagirien baliokidetasuna administrazio honetako hautaketa-prozesuetan.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak araututako araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzen eta zenbait ikasketa-planetan araututako araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzen baliokidetasunak.

Desgaitasuna: EAEtik kanpoko administrazioek emandako ziurtagiriak

Eskabidearekin batera, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan parte hartzeko maila nahikoaren ziurtagiriaren kopia soila aurkeztu beharko da.

Desgaitasuna: joan-etorrietarako zailtasunen ziurtagiriak edo antzekoak, lanpostuak aukeratzeko lehentasun-ordenaren aldaketa eskatzeko.

Joan-etorrietarako arazoak edo antzekoak direla-eta lanpostuak aukeratzeko lehentasun-ordena aldatzeko eskaerarekin batera, alegatutako arrazoiak aitortzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko da, Administrazioko organo eskudunarena (foru-aldundietako sail eskudunak, IMSERSOk edo baliokideak).

EAEko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomoak ez diren administrazioetan emandako zerbitzuak.

Merezimenduak alegatzeko epean, kopia soila aurkeztu behar da.

Lanpostu bat edo batzuk esleitzeko betekizun espezifikoak: arau orokorra

Oinarri espezifikoetan hala adierazten bada, merezimenduak alegatzeko epean, oinarri espezifikoek ezartzen duten moduan egiaztatu beharko dira.

Elkargokide izatea

Lanpostuaz jabetzean egiaztatu beharko da.

Ezagutza-proben bidez egiazta daitekeen espezialitatea.

Oinarri espezifiko zehatzetan ezarritakoaren arabera.

Prozesuan modu frogagarrian egiaztatu ezin izan diren betekizunak eta merezimenduak, edo prozesu osoan bete behar diren baldintza pertsonalei buruzkoak.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak eskatuko du egiaztapena, hautatutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoek zehazten dute deialdian zenbat lanpostuk duten derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna (nahitaez bete beharrekoa) lanpostuak eskuratzeko eta horietan jarduteko.

Gainerako lanpostuetan, euskara jakitea meritu gisa baloratuko da, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ezartzen den moduan.

Hautaketa-prozesuetako deialdietan kontuan hartuko diren lau hizkuntza-eskakizunak Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Esparruko mailen baliokideak dira, modu honetan: 1. HE = B1; 2. HE = B2; 3. HE = C1; 4. HE = C2.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparruko maila bakoitzak eskatzen dituen hizkuntza-gaitasunen deskribapena ulertzeko, esparru horretako bi taula kontsulta daitezke: Erreferentzia maila bateratuak – Eskala orokorra (leiho berri batean irekitzen da)eta Erreferentzia maila bateratuak – Autoebaluazio eskalak (leiho berri batean irekitzen da)

Gainera, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetasunak (leiho berri batean irekitzen da) legez ezarrita daude.

9. oinarri orokorrean arautzen da euskararen betekizuna edo meritua, hori betetzeari, alegatzeari eta egiaztatzeari dagokionez, Betekizunak eta merezimenduak: betetzea, alegatzea eta egiaztatzea (leiho berri batean irekitzen da) (9. oinarri orokorra) atalean jasotzen den moduan.

Epaimahai kalifikatzailea da hautaketa-prozesua garatzeaz arduratzen den organoa, deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera. Haren osaera abstraktua deialdiaren oinarri espezifikoetan zehazten da, eta osaera izenduna hautaketa-prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko da.

Epaimahaia hautaketa-prozesua behar bezala egiten dela bermatzeko ardura duen organoa da, eta prozesu osoan berdintasun-, gaitasun- eta merezimendu-printzipioak betetzen direla zaindu behar du. Autonomia funtzional osoz jarduten du, administrazio-prozeduraren arauak aplikatuz. Berak baloratzen ditu egiten diren azterketak, bai eta merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko aurkezten den dokumentazioa ere.

Jakinarazpenetarako eta bestelako kontuetarako, epaimahaiak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitza nagusian izango du helbidea (Donostia kalea 1, PK: 01010).

IVAPek onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean. Baztertutako pertsonen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko du; eta, barne-sustapeneko txandan edo desgaitasuna dutenentzako erreserba-modalitatean parte hartzeko baldintzak betetzen ez direnean, horiek txanda librean edo modalitate orokorrean, hurrenez hurren, eskatu zituen pertsona sartuko da.

Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak hamar egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioak aurkezteko eta eskaera-orriko akatsak zuzentzeko. Kontuan hartu behar da eskabideko akatsak zuzentzen direla, ez errealitatea. Hau da, hamar eguneko epeak hautaketa-prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen zirela frogatzeko balio du, baina ez eskabideak aurkezteko epearen amaieran betetzen ez ziren baldintzak betetzeko.

Epe horren ondoren, eta aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Zerrenda horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta 7. oinarri orokorrak adierazten dituen lekuetan jarriko dira ikusgai.

Hautaketa-prozesuetan onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko ebazpenak, 11. oinarri orokorrak adierazten duen bezala, honako hauek jasoko ditu:

      • Enplegua finkatzeko prozesu berezietan, oposizio-faseko proba egiteko deia, horretarako ordua, eguna eta tokia adierazita.
      • Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuetan, baloratuko diren merezimenduak alegatzeko hautagaiek izango duten 10 eguneko epea hasteko eguna.

Proba teoriko-praktikoa izango da, eta bi zati izango ditu:

A zatia: galdera-sorta bat izango da, zenbait erantzun-aukerarekin, honako gai-zerrenda hauei buruzkoa:

  • Administrarien Kidegoan, Administrari Laguntzaileen Kidegoan eta Laguntzako Langileen Talde Profesionalean, kidego bakoitzaren oinarri espezifikoetan argitaratzen den gai-zerrenda.
  • Funtzionarioen gainerako eskaletan eta lan-kontratuko kategorietan, oinarri orokorren II. eranskinean jasotako gai-zerrendaren zati orokorra.

Bi kasuetan, galderak Enplegu Publikoaren Atarian argitaratutako galderetatik aterako dira. Hau da atari horren helbide elektronikoa: https://www.euskadi.eus/enplegu–publikoa/ (leiho berri batean irekitzen da).

B zatia: zenbait erantzun-aukera dituen galdera-sorta bati erantzun beharko zaio hemen ere: Administrarien Kidegoan, Administrari Laguntzaileen Kidegoan eta Laguntzako Langileen Talde Profesionalean eta deialdiko lanpostuetako zereginekin lotutako kasu teoriko-praktikoei buruzkoak izango dira galderak, epaimahaiak proposatutako bi aukera edo gehiagoren artean hautatu beharrekoak. Funtzionarioen gainerako eskaletan eta lan-kontratuko kategorietan, kasu teoriko-praktiko horiek deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoekin batera argitaratuko den gai-zerrenda espezifikoan sartuko dira.

Proban gehienez 120 puntu lor daitezke (A zatian, 0 eta 80 puntu bitartean, eta, B zatian, 0 eta 40 puntu bitartean). Erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzen baten balioaren herena kenduko da, eta proba osoan 60 puntu edo gehiago lortzen ez dituztenak baztertuta geratuko dira.

Hautagaiei probak prestatzen laguntzeko, Enplegu Publikoaren Atarian, https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/ (leiho berri batean irekitzen da) helbide elektronikoan, honako hauek jarriko dira eskuragarri:

  1. Hautaketa-prozesuetan zein lanpostu eskura daitezkeen.
  2. Administrari Laguntzaileen Kidegoari eta Laguntzako Langileen Talde Profesionalari dagozkien gai-zerrenda garatuak jasotzen dituen argitalpen bat.
  3. Funtzionarioen gainerako eskaletan eta lan-kontratuko kategorietan, gai-zerrendaren zati orokorra garatzen duen argitalpen bat.
  4. Galdera-sorta bat, Administrarien Kidegoari, Administrari Laguntzaileen Kidegoari eta Laguntzako Langileen Talde Profesionalari dagozkien gai-zerrenda osoari buruzkoa, eta funtzionarioen gainerako eskaletan eta lan-kontratuko kategorietan gai-zerrendaren zati orokorrari buruzkoa. Horietan, galdera-kopuru hau jasoko da:
  • Laguntzako Langileen Talde Profesionalean: 500 galdera.
  • Bestelako eskaletan eta kategorietan: 700 galdera.

Salbuespeneko hautaketa-prozesuetan, hautaketa-sistema merezimenduen lehiaketa da. Baloratuko diren merezimenduak hautaketa-prozesu bakoitzeko oinarri espezifikoetan ezarriko dira, baloraziorako baremoarekin batera.

Hautaketa-prozesu berezietan, hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa da. Lehiaketa-fasean baloratuko diren merezimenduak hautaketa-prozesu bakoitzeko oinarri espezifikoetan ezarriko dira, baloraziorako baremoarekin batera.

Hautaketa-prozesu bakoitzean parte hartuko duten pertsonen behin betiko kalifikazioa emandakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta hamar egun balioduneko epea ezarriko da lanpostuak aukeratzeko.

Lanpostuak aukeratzeko, hautaketa-prozesu bakoitzaren epaimahaiak zehaztuko duen izangai-kopuruari deituko zaio lehenik, eta, ahal dela, lanpostu guztien esleipena ziurtatuko da. Deialdia 7. oinarri orokorrean adierazitako lekuetan argitaratuko da.

Pertsona gehiagori deitu behar izanez gero, pertsona gehiagorentzako deia argitaratuko da, eta deiaren xede diren pertsonek abisuak jasoko dituzte SMS edo posta elektroniko bidez (telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa eman dutenek).

Deialdiak egiteko ebazpenetan, lanpostuak hautatzeko prozeduraren deskribapena jasoko da, deialdiaren oinarrien arabera.

Destinoak horretarako legezko irizpideei jarraituz esleituko dira: dagokion hautaketa-prozesuko puntuazio?ordena, lanpostuen baldintzak betetzea eta hautagaiek adierazitako lehentasunak.

Destinoak esleitu ondoren, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen zerrenda egingo da, eta 7. oinarri orokorrean adierazitako lekuetan argitaratuko da. Zerrenda horrek 10 egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioak aurkezteko eta eskatutako lanpostuen betekizun espezifikoak zuzentzeko.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, hautatutako pertsonen eta esleitu beharreko lanpostuen behin betiko ebazpena argitaratuko da, eta 7. oinarri orokorrean adierazitako lekuetan jarriko da jendaurrean.

Hautatuen behin betiko ebazpena argitaratu ondoren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak prozesuan zehar modu frogagarrian egiaztatu ez den dokumentazioa edota eskatzaileek prozesu osoan bete beharreko baldintza pertsonalei buruzkoa aurkezteko eskatuko die beharrezkoa den pertsona guztiei.

Dokumentuak aurkezteko epea amaitutakoan, prozesuan dokumentuak aurkeztu dituzten pertsona hautatuak karrerako funtzionario izendatuko dira, eta izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Izendatutakoek izendapen-aginduan ezarritako epean jabetu beharko dute esleitutako lanpostuez.

Dokumentuak aurkezteko epea amaitutakoan, prozesuan dokumentuak aurkeztu dituzten pertsona hautatuen zerrenda onartuko da, dagozkion lan-kontratuak formalizatzeko.

Zerrenda horretan agertzen diren pertsonek lan-kontratua sinatu beharko dute, hautatutako pertsonen zerrenda onartzen duen Aginduan dagozkion lan-kontratuak formalizatzeko ezartzen den egunean.

Enplegua finkatzeko prozesu berezietan, hautaketa-prozesuak amaitutakoan, lan-poltsak berrantolatuko dira, gainditu duten baina hautatu ez diren pertsonekin.

Prozesuak lehiaketa-sistemaren bidez soilik izan dituzten lan-kategorietan, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren ebazpen bidez zehaztutako puntuazioa gainditu dutenak lan-poltsetan sartuko dira. Ebazpen horrek ezarriko ditu berrantolaketa-irizpideak.

Lan-poltsak berrantolatu bitartean, indarrean dauden lan-poltsek indarrean jarraituko dute.

Datu pertsonalak babesteari buruzko legeria eta araudia betetze aldera, hautaketa-prozesuen oinarri orokorrek hautaketa-prozesuetan datu pertsonalak tratatzeari buruzko oinarrizko informazioa jasotzen dute, bai eta informazio osagarria eskuratzeko helbidea ere.

Oinarri orokorrak, deialdiak eta haien oinarri espezifikoak, bai eta deialdiaren oinarrietan zehazten den beste edozein egintza ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Halaber, aipatutakoa eta hautaketa-prozesuan zehar horrekin lotuta sortzen den informazio guztia https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/ helbide elektronikoan argitaratuko dira.

Gainera, SMS edo posta elektronikoa bidaliko zaie telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa eman duten pertsonei, baina abisu horiek ez jasotzeak ez du eragotziko jakinarazpena legez baliozkoa izatea.

Bestalde, prozesuari buruzko informazioa IVAPen bulegoetan ere egongo da eskuragarri:

      • Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
      • Errekalde zumarkalea, 18. 48009 Bilbo
      • San Bartolome, 28. 20007 Donostia
      • Unibertsitate Zaharra, z.g. 20560 Oñati