Torres lehendakariordea: "Pertsonak erdian kokatuko dituzten enplegu-politika publikoekin konprometituta gaude"

Argitalpen-data: 

  • Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak “enplegu onak enpresa onetan ahalbidetzen dituzten, bizi-kalitate on batez gozatzeko aukera ematen duten” ekintzen aldeko apustua egin du Enpleguaren VII. Kongresuaren irekiera-ekitaldian

 

“Pertsonak erdian kokatuko dituzten enplegu-politika publikoak”. Hori da Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu Mikel Torresek Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian garatuko den Enpleguaren VII. Kongresua irekitzeko gaur egin den ekitaldian agertu duen konpromisoa.

“Enplegu onak, enpresa onak, bizi-kalitatea” izenburua duen kongresu honek, legegintzaldiko lehena den heinean, enpleguaren kalitatea hobetzeko oinarriak ezarri nahi ditu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ekintzaren ardatzetako bat izango baita datozen lau urteotan.

“Ebidentzian oinarritutako” politika horiek garatzeko, gizarte-elkarrizketa beharrezkoa dela uste du Torresek, beti ere enpleguaren arloan inplikatuta dauden sindikatu- eta enpresa-eragileekin kontatuz, bai eta akademia eta profesionalekin ere.

Irekiera-ekitaldian Vitoria-Gasteizko alkate Maider Etxebarriak eta Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzálezek ere hartu dute parte. Bertan, “enplegu onak enpresa onetan” ahalbidetuko dituzten ekintzen aldeko apustua egin du lehendakariordeak; izan ere, enplegu horiek bizi-kalitate “bidezko” batez gozatzeko aukera emango baitute.

Torresentzat, hori bai, oso garrantzitsua da “egokiro gaitutako eta prestaturiko pertsonak” izatea Euskal Autonomia Erkidegoko ehun ekonomikoak trantsizio teknologiko-digitalaren, energetiko-klimatikoaren eta demografikoaren ondorioz aurrean dituen erronkei “bermeekin” aurre egin ahal izateko.

 

Enpleguaren Euskal Legea

Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu Mikel Torresek Enpleguaren Euskal Legea goraipatu du, enplegua politika publikoen “ardatz estrategikoen” artean kokatu duelako: “Enplegu-politika aktiboez baliatzeko pertsona guztiek duten eskubide subjektiboa aitortzen duen lege bat da”.

Zentzu horretan, Torresek adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoan lehenengoz onartu den mota honetako lege honek enplegu-sistema antolatzen duela, “ikuspegi integratzaile eta inklusibo batetik, eragile guztiekin kontatuz eta ikuskera eta behar guztiak barneratuz eta, aldi berean, plangintza- eta kudeaketa-erreminta eta osagai modernoak aurreikusi dituela; eta, halaber, enpleguaren zeharkako ikuspegi bat ere ezarri duela”.

 

Enplegu onak, enpresa onak, bizi-kalitatea

“Enplegu onak, enpresa onak, bizi-kalitatea” izenburua duen Enpleguaren VII. Kongresuak interes handia piztu du: 400 pertsona baino gehiagok eman dute izena eta hamasei hizlarik hartuko dute parte. 

Azken horien artean nabarmentzekoak dira ELGAko Enplegu, Lan eta Gizarte Gaietako Zuzendaritzako ekonomista senior Sandrine Cazes, Vodafone España Fundazioko presidente Remedios Orrantia eta Estatu Kontseiluko kontseilari iraunkor María Luisa Carcedo, besteren artean. Enplegu eta Inklusio sailburuorde Alfonso Gurpeguik emango dio amaiera kongresuari.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)