Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Martxan da Industria Deskarbonizatzeko Eusko Jaurlaritzaren Programa: 20 M " ingurumena hobetzeko, industriako ekoizpen-instalazioen modernizazioaren bidez (Gobernu Bilera 2026-3-26)

Argitalpen-data: 


      Deskarbonizazioa.png
  • Helburua da industriako enpresei eta horiei lotutako zerbitzuei laguntza eskaintzea, ekoizpen-instalazioetan –berrietan nahiz dagoeneko daudenetan– inbertsioak sustatzeko, bai energia-kontsumotik eta bai ekoizpen-prozesuetatik eratorritako berotegi-efektua duten gasen (BEG) emisioa murrizten lagun dezaten 
  • Laguntza-programa honek inbertsioei buruzko erabakiak aurreratzeko aukera eskainiko du, eta euskal industriaren bidelagun izango da lehiakorra izaten jarrai dezan, testuinguru europar eta globalean, neutraltasun klimatikoranzko trantsizioan

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua; Euskadiko enpresentzako laguntza-programa deitu du, deskarbonizazioaren bidez, ingurumenaren babes-maila hobetu ahal izateko:  2024KO INDUSTRIA DESKARBONIZATZEKO PROGRAMA.

Laguntza-deialdi honek 20.000.000 € ditu industriako ekoizpen-instalazioak modernizatzeko, eta, beraz, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa murrizteko.

Europar Batasuneko Itun Berdeak 2019an ezarri zuen, 2050 urterako, Europa klimatikoki neutroa den lehen kontinentea bilakatzeko helburua. Eta legeria lotesle batean neutraltasun klimatikoaren konpromiso hori jaso du, erdibideko helburu bat ere finkatuz, alegia,  2030erako, berotegi-efektuaren emisioak 1990eko mailarekiko gutxienez % 55 murriztea.

Konpromiso horretan kokatzen dira Eusko Jaurlaritzak 2021ean martxan jarritako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana eta aurten Euskadiko Parlamentuak berretsitako Energia Trantsizioren eta Klima Aldaketaren Legea. Neutraltasun klimatikoaren helburu horiek lortzeak eskatzen du ahalegin esanguratsuak egitea Euskadiko ekonomia-esparruetan, eta, bereziki, industria-sarean, inbertsioak egin beharko baititu industriako ekoizpen-instalazioak deskarbonizatzeko. Inbertsio pribatu horiek funts publikoen laguntza beharko dute, eta, aldi berean, laguntzei buruzko Europako araudia errespetatu.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du industriako enpresei eta industriako produktuei eta prozesuei lotutako zerbitzuei laguntzeko programa hau, ekoizpen-instalazioetan (berri edota dagoeneko daudenetan) inbertsioak sustatzeko, industria-prozesuen ondoriozko berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak murrizten laguntzeko, bai energia-kontsumotik eta bai ekoizpen-prozesuetatik eratorritakoak.

SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak gauzatutako laguntza-programa honek inbertsioei buruzko erabakiak aurreratzeko aukera eskainiko du, eta euskal industriaren bidelagun izango da lehiakorra izaten jarrai dezan, testuinguru europar eta globalean, neutraltasun klimatikoranzko trantsizioan.

2024ko Industria Deskarbonizatzeko Programa: tramitazioa 

Agindu honetan agertzen diren diru-laguntzak honako baldintza hauek betetzen dituzten Enpresa Handi eta Enpresa Ertain eta Txikiek (ETE) eskuratu ahal izango dituzte: erauzketako industria-enpresak, enpresa eraldatzaileak, ekoizpenekoak eta industria-produktuari eta industria-prozesuari lotutako zerbitzuetakoak izan beharko dira eta laguntzaren xede diren inbertsioak Euskadin egiten dituztenak.

Laguntzak emateko deialdi honetako eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta deialdi honek dakartzan gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bitarteko elektronikoen bidez eskaerak, ardura-aitorpenak eta egindako inbertsioen egiaztapenak –tramitagune prozeduran ageri direnak– www.euskadi.eus webgunean egingo dira. Eskaerak, ardura-aitorpenak eta egiaztapenak egiteko eredu normalizatuak www.euskadi.eus webgunean bete ahal izango dira, diru-laguntzen deialdia egin ostean.

Eskaerak aurkezteko hasiera-data Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren argitalpen-dataren hurrengo eguna izango da, eta 2024ko ekainaren 20an amaituko da. Sei hilabetekoa izango da ebazpenerako epea.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)