- Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena eta Saiakera Euskaraz kategorietako Euskadi Literatura Sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.
- “Bajo los astros de la repetición”, “Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma) eta “Su festak” lanekin irabazi dute saria.
- Saiakera Gaztelaniaz kategoria eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak.
Donostia, 2024/10/18
Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak gaur goizean eman ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo azken hiru irabazleen izenak. Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean jakinarazi ditu sailburuak Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena eta Saiakera Euskaraz modalitateetako 2024ko irabazleak. Bestalde, aurten, epaimahaiak erabaki du Saiakera Gaztelaniaz modalitatea eman gabe uztea:
- Gaztelaniazko Literatura: Julia Otxoa, “Bajo los astros de la repetición” (Aliar 2015 Ediciones S.L.).
- Euskarazko Literatura Itzulpena: Aiora Jaka, “Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma” (Erein eta Igela).
- Saiakera Euskaraz: Jon Urzelai, “Su festak” (Susa).
- Saiakera Gaztelaniaz: Eman gabe.
Euskadi Literatura sarietako aurtengo gainontzeko hiru saridunen izenak pasa den astean iragarri ziren: Jon Gerediagak “Zeru lurren liburua” lanagatik Euskarazko Literatura modalitatean jaso du saria; harkaitz Canok Haur eta Gazte Literaturaren modalitatean “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” lanagatik; eta David de las Heras-ek Literatur Lanaren ilustrazioa modalitatean “Campos de Castilla” obragatik.
Gaztelaniazko Literatura Sariaren epaimahaiaren ustez, Julia Otxoaren "Bajo los astros de la repetición" poema-liburuarekin, hainbat hamarkadatako bidea mamitu duela uste izan du epaimahaiak. Obra hau bi atal handitan banatuta dago: “El limón y la espada” –ezinbestean Rafael Albertiren “Entre el clavel” y la espadara garamatzana. “Lehen zatian, ahots konprometituz, krudelkerian eta suntsipenean zentzurik ez duten munduaren eta historiaren aurkako salaketa globaleko poemak gailentzen dira; aldiz, liburuaren bigarren zatian, poemek, askoz laburrago eta sententziazkoagoak eta zenbaitetan aforismotik hurbilagoak, oraindik ere hondamenean dagoen mundu honetan bizirik dirauen edertasun hori uzten dute agerian”. Epamahaiak adierazi duenez, “poema horietan hizkuntza zalantzan jartzeak ez du isiltasunera bultzatzen, injustizia historikoa adierazi eta salatzeko beharraren aurrean hitz zehatza bilatzera baizik”.
Bestalde Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateko epaimahaiak aurtengo Euskadi Literatura saria Aiora Jakarentzat dela erabaki du, “Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma)” lanarekin. Epaimahaiaren hitzetan, “Aiora Jakak oso itzulpen lan ona egin du Ahmadou Kouroumaren istorio honekin, eta bikain ekarri du euskarara, azalez nola mamiz, estiloz nola tonuz.” Epaimahaiaren ustez “erritmo narratibo bizia duen liburua da, ahozkotasunetik hurbil dagoena, eta itzulpen-erabaki ausart bezain zuhurrak hartuta egiantz osoz euskal irakurlea mendebaldeko Afrikara eramaten duena.”
Jon Urzelairen “Su festak” lanaren inguruan epaimahaiak “lan bikaintzat” hartu du, “bai forma, bai edukiaren aldetik ere”. Balorazioaren arabera, “azken hamarkadetako gizarte aldaketen eta gizarte bilakaeren diagnostiko argia eta burutsua egiteko. Musika kantaldi motak aro sozialekin, gizarte eredu desberdinekin eta hainbat prozesu sozialekin lotu ditu modu arrazoituan”, eta epaimahaiaren usten, “musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara hedatu du”. “Edozeinen esperientziekin konektatzeko gaitasuna du testuak musika esperientziak eta eguneroko esperientzia sozialak txertatzen baititu gogoetan. Horrek, irakurketa atsegin eta entretenigarria egiten du.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak saridunak zoriondu ditu eta Euskadi Literatura Sarien helburua “talentu sortzailea aitortu eta obrak ezagutzera ematea” dela adierazi du. Era berean, irakurle berrien irakurzaletasuna pizteko ere badirela aipatu du. Ildo honetan, gizarteari dei egin dio saritutako obrak irakurtzeko.
Sariak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.
Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 21ean izango da Vitoria-Gasteizko Artium Museoan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)