Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jon Gerediagak, Harkaitz Canok eta David de las Herasek aurtengo Euskadi Literatura saria jasoko dute

Argitalpen-data: 


      literatura_sariak_2024_01.jpg
  • Euskarazko Literatura , Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren
  • “Zeru Lurren liburua”, “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” eta “Campos de Castilla” lanekin irabazi dute saria

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak gaur goizean eman ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak. Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egin den aurkezpenean jakinarazi ditu sailburuak Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako 2024ko irabazleak:

  • Euskarazko Literatura: Jon Gerediaga, “Zeru-lurren liburua” (Elkar).
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Harkaitz Cano, “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” (Erein).
  • Literatur Lanaren Ilustrazioa: David de las Heras, “Campos de Castilla” (Lunwerg).

Euskarazko Literaturako sariko epaimahaiak adierazi duenez Jon Gerediagaren “Zeru-lurren liburua” obra “naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetikoa da” eta “gizakia bere minari aurrez aurre jartzen du”. Epaimahaiak obra honetan “ni poetikoa behatzaile jarreran” aurkeztu izana azpimarratu du, “bereziki natura kontenplatuz”. “Adierazpen poetiko landua eta delikatua” dela aipatu du, “non esan nahi dena doitasun apartekoz adierazten den. Poetak era delikatuan aitortzen dizkie esker ona eta maitasuna gertukoei. Azken batean, iraun behar duenaren aldeko poesia da Gerediagarena”, gaineratu du epaimahaiak.

Bestalde, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura modalitateko epaimahaiak aurtengo Euskadi Literatura saria Harkaitz Canorentzat dela erabaki du. Bere laugarren Euskadi Literatura saria izango da hau. Epaimahaiko kideen iritziz “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” liburu ilustratuak “liburutegiei omenaldia egiten die” eta “literaturaz harago, heriotza, maitasuna, senitartekoen harremanak eta beste horrenbeste gai unibertsal jorratzen ditu protagonistaren bizitzatik abiatuta” eta beste idazle asko gogora ekarrita istoriora”. “Mundua pitzatuta badago ere, kontakizun hau baikortasunerako gonbite bat dela esan genezake”. Era berean, “edizioari dagokionez, paregabea da kontakizun honen irakurketarako eta ilustrazioen kontenplaziorako”, aipatu du epaimahaiak.

David de las Herasen “Campos de Castilla”  lanaren inguruan epaimahaiak uste du “lan borobila” dela eta zera adierazi du: “maisuki erabili ditu teknika eta forma guztiak, ilustrazioa poesia bihurtuz”. Arlo artistiko eta grafiko desberdinetako baliabideak erabiltzeagatik da azpimarragarria lan hau. Irudi batzuk xehetasun osoz islatu ditu eta beste batzuk zirriborro moduan, betiere emaitza kohesionatua lortuz. “Baliabide ugariak erabiltzeagatik ere, lanak ez du bere osotasuna galtzen eta konposizio hausteekin erritmoa eta musikaltasuna lortu ditu.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “Euskadi Literatura Sariekin zuen lana aitortu nahi dizuegu eta, aldi berean, zuen lanak gizarteari ezagutarazi”. Lehendakariordeak aipatu duenez, “kultura gizartea eraldatzeko palanka bat da, eta liburu hauekin ekarpen bat egiten ari gara euskal gizarteak errespetuaren, aniztasunaren eta espiritu kritikoaren oinarriak indartu ditzan”. Zentzu honetan, herritarrak gonbidatu ditu hiru egile hauek sortutako istorio zoragarriak irakurtzera.

Sariak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu.  Falta diren laurak, Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz, datorren astean iragarriko dira. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

 

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 21ean izango da Vitoria-Gasteizko Artium Museoan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)