- Mikel Jauregi sailburua Legebiltzarraren aurrean agertu da gaur Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren 2024-2028 legegintzaldirako ildo orokorrak zerrendatzeko
- Iragarri dutenez, funts propioekin osatutako 260 milio euroko programa berri bat jarriko da martxan; deskarbonizaziora, energia-efizientziara eta autokontsumora bideratua, aurrerapauso garrantzitsua euskal industria deskarbonizatzeko eta haren lehiakortasuna hobetzeko bidean
- "Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea, Industria Garapenerako 2028 Plan berria eta Euskal Funtsa izango dira herrialdearen eraldaketa industriala garatzeko Eusko Jaurlaritzaren tresnak
- “Nahiz eta Europako eta munduko egoera ekonomikoa kolokan egon, Euskadi gai da Europako aldaketa industrialaren aitzindari izateko. Jauzi kualitatiboa egin behar dugu gure enpresek aurrea har dezaten eraldaketa energetiko eta digitalaren arloan, lehiakortasunaren eta hazkundearen palanka gisa”, azpimarratu du Mikel Jauregi sailburuak
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi Eusko Legebiltzarreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Batzordearen aurrean agertu da gaur goizean, bere sailak XIII. legegintzaldirako (2024-2028) ezarri dituen ildo orokorrak aurkezteko.
Bere hitzaldian, sailburuak azpimarratu du Euskadi gai dela Europan gertatzen ari den aldaketa industrialaren “aitzindari” izateko, mundu-mailako egoera ekonomikoa “kolokan” badago ere. “Jauzi kualitatiboa egin behar dugu gure enpresek aurrea har dezaten eraldaketa energetiko eta digitalaren arloan, lehiakortasunaren eta hazkundearen palanka gisa”.
Horren haritik, Mikel Jauregik defendatu du hazkunde ekonomikoko egungo unea egokia dela etorkizuneko Euskadiren ongizaterako oinarriak finkatuko dituzten erabaki estrategikoak hartzeko. “Ezin dugu denbora galdu. Lau urte hauek funtsezkoak dira eraldaketa handietan aitzindari izan nahi dugun edo atzean geratu nahi dugun erabakitzeko. Herrialde gisa denok bat egin behar dugu, eta Euskadi berriaren hazkunderako eta eraldaketa ekonomiko eta sozialerako aukerak aprobetxatu”.
Sailburuak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren 2024-2028 legegintzaldirako estrategiaren ildo orokorrak zerrendatu ditu. Estrategia horrek hiru oinarri ditu: “Industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago”.
Herrialdearen eraldaketa industriala gauzatzeko, Sailak bultzatutako politika publiko guztiek Jaurlaritzaren arlo honetako estrategiaren ardatz izango diren funtsezko hiru tresnekin bat egingo dute: Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea, Industria Garapenerako 2028 Plan berria eta Euskal Funts subiranoa, proiektu industrial berriak sortzera eta herrialdeko enpresa eragileak sustraitzera bideratua.
Euskadi, aitzindaria Europako industria indarberritzen
Sailak euskal “Industry Deal” berria sustatuko du, Euskadi aitzindaria izan dadin Europako hurrengo suspertze industrialean; horrek herrialdeko ekosistema ekonomiko osoari eragingo dio (enpresa-ehuna, ehun teknologikoa eta zientifikoa, eta finantza-ehuna), eta erakunde, kluster eta gizarte-eragileen babesa izango du.
Berrindustrializazio hori sustatzeko, enpresa- eta industria-ekosistemari erraztasunak ematera bideratutako ekimenak aurreikusten dira; besteak beste, erabiltzen ez diren industria-lurzoruen 1,2 milioi m2 berreskuratzea, eta beste 2,5 milioi m2 berri lortzea egungo teknologia-parkeak handitzeko eta berriak garatzeko (Miñano, Zamudio, Zorrotzaurre, Abanto, Ortuella, Donostia, Hernani eta Hondarribia). 123 milioi euro inbertituko dira 2026ra bitartean.
Industriaren zerbitzura dauden azpiegiturak indartzeko asmoz, Azpiegitura Industrialak Garatzeko Inbertsio Funtsa sortzea proposatzen da, SPRIra atxikia, parte-hartze publikoaren bidez kapital publikoa erakartzeko eta azpiegitura industrial berriak garatzeko. Gainera, euskal enpresaren nazioartekotzea sendotuko da, eta Euskadiko bulego komertzialen sarea bultzatuko da. Sare horrek 22 bulego propio ditu gaur egun, eta 90 herrialdetan baino gehiagotan ematen du zerbitzua; sarearen lehenengo ekintza garrantzitsua 2024an Australiako bulegoa inauguratzea izango da.
Era berean, Ogasun eta Finantza Sailaren laguntzarekin, finantza-tresna berriak sustatuko dira industria-politika garatzeko; horren helburua da proiektu industrial berriak sortzea, enpresa-ekimen berrien hazkundea babestea, eta enpresa liderrak eta eragileak Euskadin sustraitzea.
Hobekuntza industrialaren atalean, legegintzaldi osoan I+Gko gastua aurrekontuaren % 6raino handitzea aurreikusten da, Europako Batzordeak Euskadi berrikuntzaren arloko “bikaintasun-polotzat” duela kontuan hartuta. Ekintzailetzari dagokionez, Euskadiko laugarren Erakundearteko Ekintzailetza Plana bultzatuko da (burokrazia murriztuko da, eta ekintzaileentzako izapideak sinplifikatuko dira), eta 9 milioiraino handituko da startupetako inbertsioa, Basque Tek Venture-ren eta Basque Emprendimiento-ren bidez.
Digitalizazioak eta teknologia berriek ematen dituzten aukerak ere legegintzaldirako lehentasunen artean daude; hori dela eta, are lan handiagoa egingo da industriaren zerbitzura dagoen zibersegurtasunaren alde, edo Adimen Artifizialerako Euskadiko lehenengo Ekintza Plana garatuko da, enpresen lehiakortasuna handitzeko adimen artifizialaren ahalmenak aprobetxatuz. Horrekin guztiarekin, inbertsio industrialak egiteko eta industria berria sortzeko herrialde erakargarri gisa kokatu nahi da Euskadi.
Deskarbonizazio industrialerako, energia-efizientziarako eta autokontsumorako laguntzak
Bere agerraldian, sailburuak hau azpimarratu du: “klima-aldaketaren aurkako borrokan Euskadi abangoardia izatea nahi dugu”. Horretarako, Sailak % 45 murriztu nahi ditu emisioak 2030erako, 2005eko balioekin alderatuta.
Jauregik euskal industria deskarbonizatzen jarraitzeko Sailak abian jarriko dituen ekintzak zehaztu ditu, eta, iragarri duenez, programa berri bat jarriko da martxan, funts propioetako 260 milioi eurokoa, deskarbonizazio industrialera, energia-efizientziara eta autokontsumora bideratua (funts propioetako 100 milioi euro energia-efizientzia industriala sustatzeko eta emisioak murrizteko izango dira, eta beste 160 milioi euroak autokontsumo industriala eta etxebizitzetakoa sustatzeko).
Apustu horren bidez, sorkuntza elektriko berriztagarria bultzatuko da, eta hurbileko sorkuntza maximizatuko (autokontsumoa, autokontsumo partekatua, energia-komunitateak…), tamaina handiagoko instalazioekin konbinatuta. Autokontsumorako 160 milioi € horiek gutxi gorabehera 340 MW-eko potentzia sortuko lukete, eta ia hirukoiztu egingo lukete une honetako potentzia (130 MW).
Azpimarratu duenez, deskarbonizazio-prozesuak azpiegitura berrien garapena eskatzen du, nagusiki sorkuntza elektrikokoak, haize- eta eguzki-instalazio fotovoltaiko handietan eta autokontsumorako instalazio txikiagoetan oinarrituta. “Industria eta gizarte modernoek jasangarriak izan behar dute; bestela, nekez biziraungo dute. Ingurumen- eta energia-irizpideak politika sektorial guztietan integratu behar ditugu, ez betebehar gisa, baizik eta gure industrian balio erantsia sortzeko faktore lehiakor gisa, eta erronka partekatu hori sozializatu behar dugu, onuragarria baita nola herritarrentzat hala enpresentzat”, aipatu du Jauregik.
Sailburuak aurreratu du 2030eko Euskadiko Finantza Jasangarrien lehenengo Plana garatuko dutela, euskal enpresetan berrikuntza eta lehiakortasun berdea sustatzeko (fiskalitate berdea). Europako Batzordearen Itun Industrial Garbi berriaren haritik (Clean Industrial Deal), euskal ETEentzako ESG jasangarritasuna ebaluatzeko sistema bat sortzeko konpromisoa hartu du.
Bestalde, aurreikuspenen arabera, hondakinen azpiegituren LPSa onartuko da, eta egun hondakindegietara eramaten diren 1 M tona hondakinak balorizatzeko proiektuak jarriko dira martxan. Ezinbestekoa izango da ekonomia zirkularraren alde egitea eskuragarri dauden baliabideak maximizatzeko, ekoizpen-zikloan ahalik eta denbora gehien egon daitezen, baliabideari bigarren bizitza ematea sustatuz eta hondakin bihurtzea saihestuz.
Talde berritua legegintzaldiaren erronkei aurre egiteko
Mikel Jauregi sailburuak bere lantalde berria aurkeztu du; ibilbide profesional akreditatuarekin, ezagutza tekniko handia eta elkarlanerako jarrera dute guztiek, eta herrialdea egitera bideratuta daude. “Giza talde hau enpresaren mundutik dator, eta entzutea, ulertzea eta askotariko eragile ekonomiko eta sozialekin batera irtenbideak emateko gai izatea dugu helburu”, nabarmendu du Jauregik.
Trantsizio energetikoak dakarren erronka kontuan hartuta, Trantsizio Energetikoko laugarren Sailburuordetza sortzea erabaki da, eta lehendik dauden hiruei batuko zaie. Irantzu Allende izango du buru. Bide, Ubide eta Portuetako Goi Ingeniaritzan lizentziaduna da, lan-eskarmentu handia du nazioartean Operazio eta Estrategiako Aholkularitzan, eta, azkenekoz, EEE - Energiaren Euskal Erakundean jardun du, Prozesuetako eta Kudeaketa Kontroleko zuzendari gisa.
Jaione Ganzarain izango da Teknologia eta Berrikuntzako sailburuorde berria. Industria Ingeniaritzan lizentziaduna da, eta doktoregoa lortu zuen Mondragon Unibertsitatean, Berrikuntzaren eta Ekintzailetzaren arloan. Sailburuorde izendatu den arte, LORTEK teknologia-zentroko zuzendari nagusia izan da. Harekin batera, Andoitz Korta izango da Industria Sustapeneko sailburuordea. Ingeniaritza Mekanikoan lizentziaduna da, Bikin’go enpresaren fundatzailea, eta esperientzia bereganatu du Korta Group-eko zuzendari gisa eta Korta Inversiones-eko presidente gisa. Bestetik, Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordea izango da. Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da, Enpresa eta Lurralde Lehiakortasuneko zuzendaria izan da BEAZ Bizkaian, eta, aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendaria.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)