Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

INGURUNET Sistema piztea

Argitalpen-data: 

Gaurtik aurrera INGURUNET erabilgarri egongo da. INGURUNET Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko ingurumen-kudeaketari buruzko informazio eta tramitazio-sistema berria da. Hemendik gutxira, sistema hori administrazio honekin ingurumeneko edozein administrazio-prozedura bideratzeko tresna izango da. Gainera, horren bidez, informatzeko betebeharrak betetzeko beharrezko informazio eta/edo dokumentazioa enpresekin trukatzeko tresna ere izango da.

Kanpoko erabiltzaile batzuekin izandako lankidetzari esker, IPPC arloari buruzko modulua diseinatu eta ezarri ondoren eman dugun lehen pausoa izan da ingurumen-baimen integratua bete behar duten jarduerekin lotutako informazio guztia INGURUNET sisteman sartzea. Horrela, baimen-ebazpenetan jasota dagoen eta jarduera behar bezala garatzeko beharrezkoak diren jardueren datuak informatizatzeko ahalegina egin dugu. Aurretiaz badakigu, dokumentazioaren bolumena hain handia denez eta enpresek hainbeste aldaketa izaten dutenez, sisteman jasotako datuek akatsak edo zehaztugabetasunak izango dituztela eta hori guztia zuzendu beharko dugula. Erabiltzaile guztien lankidetza eskertzen dugu, informazio okerra edo zehatza ez dena atzemateko. Halakorik izanez gero, mesedez, jakinarazi emailez, topatutako akatsa eta datu zuzena zehaztuta. Nahi izanez gero, egokitzat jotzen duzuen dokumentazioa eta/edo azalpena gehitu ahal duzue. Jarri gaian “INGURUNET  datuak berrikustea”;horretarako erabilgarri dagoen kanala honako hau da: ingurumena@euskadi.eus.

Irailean zehar mezu elektronikoak jasoko ditugu eta horrela beharrezko aldaketak egingo ditugu. Epe hori igarotakoan, ulertuko dugu sisteman sartutako informazioa zuzena dela. Edonola ere, geroago beste akats bat antzematen bada, datuak aldatzeko prozedura bat izango da; hala ere, kasu horretan, eskaera formala bideratu beharko da.

Sartzeko sistemari dagokionez, hartu kontuan INGURUNET bat datorrela Eusko Jaurlaritzako izapidetze elektronikoaren gainontzeko tresna orokorrekin; beraz, besteak beste, Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabiliko da. INGURUNET sisteman identifikatu eta sartzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio elektronikorako edozein baliabide onartuko da.

Enpresen ordezkariei dagokienez, hartu kontuan garrantziarengatik ez dugula egokitzat jo  aurreko tresna den IKS-eem sistematik kontaktuak eta ordezkariak baimenik gabe migratzea. Kasuren batean egokitzat edo ezinbestekotzat jotzen bada migrazio hori egitea, hori eska daiteke emailez, kasu bakoitzean enpresa ordezkatzen duen pertsona enpresa barruko pertsona bat den (enpresako langilea) edo enpresatik kanpoko ordezkari bat den zehaztuta. Era berean, beharrezkotzat jotzen da jakitea ea pertsona horiek ingurumeneko prozedura guztietarako sarbidea izan behar duten ala batzuetarako besterik ez (hala izanez gero, zehaztu). Ildo horretatik, funtsezkotzat jotzen dugu gogoraraztea oso garrantzitsua dela enpresa bakoitzak erregistro horretan agertzen diren beren ordezkariak behar bezala eguneratzea; hala izan ezean, jardueraren datuak ordezkari okerrak ikusi ahal izango baititu.