• Peli Manterolak, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, Elikagaien Segurtasunaren 2017-2020 Ikerketa Plan berria azaldu du, zeinak Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoarekin batera (GEPE) nekazaritzako elikagaien kate osoko iraunkortasuna bermatu nahi duen.
• 2017-2018 aldian, Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro bideratuko ditu 30 proiekturen finantzaketarako.
120 adituk baino gehiagok hartu dute parte Elikagaien Segurtasuneko Ikerketaren Emaitzen Transferentziarako Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak ELIKA Elikaduraren Segurtasunerako Fundazioarekin batera urtero antolatzen duen Jardunaldiaren V. edizioan, zeinean aurten AZTI-Tecnalia ikerketa zentroak ere parte hartu baitu antolaketan. Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendari Peli Manterolak aurreratu duenez, “Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da elikagaiak seguruak, osasungarriak eta iraunkorrak izatea bermatzea, eta horregatik bi milioi euro bideratuko dira 2018aren bukaerara arte eremu horretako proiektuak finantzatzeko”.
Jardunaldia nekazaritzako elikagaien balio kateko eragileentzat, zentro teknologiko eta unibertsitatetako ikertzaileentzat eta administrazioetako teknikarientzat zuzenduta egon da, eta bere helburua izan da EAEn kontsumitzen diren jakien bitartez transmititu daitezkeen arriskuen gainean 2017an egindako ikerketa proiektuen emaitzak aurkeztea, elikagaien ikerketatik eta berrikuntzatik sortzen den ezagutza zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak gardentasun publikoarekiko hartuta duen konpromisoaren barruan beste urrats bat emanda.
Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Peli Manterolak inauguratu du jardunaldia, Ikerketaren Koordinaziorako 2017-2020 Planaren hedapena azalduta, zeinak nekazaritzako elikagaien euskal kate osoan segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzeko erronka planteaten baitu.
Era berean, Manterolak Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoa (GEPE) aipatu du, zeinak osasunean, segurtasunean, berezitasunean eta iraunkortasunean arreta jarrita 2020rako elikaduraren eta gastronomiaren balio katearen pisua handitzea proposatzen baitu. Zehazki, proposatzen du lau urtean BPGd-ren %10,56 izatetik %12 izatera igarotzea, 2.45 milioi euroko inbertsioa eginda. Elikagaien Segurtasuneko Ikerketa Plana ere aipatu du, zeinak GEPEren helburua lortzen lagunduko baitu. “Esan duenez, plan biek "One Health/Osasun bakarra" nazioarteko estrategiaren printzipioei jarraitzen diete. Planetan elkarrekin bizi garen espezie guztion ongizatea hobetzea eta babestea da Estrategiaren asmoa, eta hori osasun publikoko, animalien osasuneko eta landare osasuneko profesionalen arteko lankidetzarekin eta koordinazioarekin baino ezin da lortu".
2017ko emaitzak
Jardunaldian zehar, elikagaien segurtasunaren alorrean 2017an garatutako ikerketa proiektuak eta une honetan lantzen ari diren beste batzuk aurkeztu dira. Horien artean nabarmentzen dira gai hauek ikertu dituztenak: bakterio patogenoek antibiotikoarekiko duten erresistentzia; merkaturatze zirkuitu laburretako elikagaien segurtasuna; elikagaien xakuketa; elikagaien katean agertzen ari diren patogenoak, hala nola campylobacter-a; arraineko histamina; elikadura osagarrien arriskuak/onurak; eta ontzien migrazioa. Planaren 2017ko lehen urte honetan, Eusko Jaurlaritzak miloi bat euro bideratu ditu 16 proiektu finantzatzeko, eta 2018an diru kopuru bera bideratuko du 14 proiektutarako.
“Proiektu hauek- Manterolak esan du bukatzeko- nekazaritzako elikagaien euskal katean sartu daitezkeen arriskuak murriztera eta prebenitzera zuzendutako aholkularitza zientifikoa areagotzeko oinarria dira. Gure lehentasuna da bermatzea Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak seguruak, osasungarriak eta iraunkorrak izatea".