Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 14koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak arautu eta horietarako deialdia egiteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 99
  • Hurrenkera-zk.: 2466
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/05/14
  • Argitaratze-data: 2024/05/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, zeinaren bidez Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen baita.

Gure Artea sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta saria jasotzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lanaren ordaina izan nahi dute, bai eta euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena ere. Horretarako, batetik sortzaileak saritzen dira, bai beren ibilbide profesionalagatik bai azken urteetan egindako jarduera sortzailearengatik, eta, bestetik, beste agente batzuk ere saritzen dira, arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera orokor edo zehatzarengatik.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitekoa da, besteak beste, arte plastiko eta ikusizkoak sustatzea. Sari-deialdi hau eta berari atxikia dagoen sari-ematea aipaturiko helburu hori lortzeko tresna bat dira, zeren eta sormenaren garapena bultzatzen baitute arte-sorkuntzarako pizgarrien eta aitorpenaren bidez, eta euskal arte garaikidearen hedapena errazten ere bai, bide batez beren lan sortzailea dela-eta edo arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera dela-eta gizartearen errekonozimendua bideratzen baitute.

Beraz, bere zeregina betetzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki deritzo arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.

Ondorioz, hau

  1. Agindu honen xedea da arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak, haien hiru modalitateetan, arautzea eta horretarako deialdia egitea:

    1. Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria.

    2. Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria.

    3. Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aitortzeko saria. Aintzakotzat hartu ahal izango da ibilbide osoa edo, bestela, azken urteotan egindako programa edo proiektu zehatzak.

  2. Guztira hiru sari emango dira, modalitate bakoitzean bat.

  3. Deialdi bakoitzeko sari bakarra lortu ahalko da.

Agindu honen xederako 60.000 euro izango dira, 2024ko EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dagoen aurrekontu-partidaren kargu. Sari bakoitzaren zenbatekoa 20.000 euro gordin dira.

Deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

  1. Ibilbide artistikoa aitortzeko saria (a modalitatea) eta sorkuntza-lana aitortzeko saria (b modalitatea) jasotzeko hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoan jaio diren edo administrazio-egoitza duten pertsona fisiko guztiak izango dira, bai eta administrazio-egoitza hori hamar urtetik gora izan dutenak ere.

  2. Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria (c modalitatea) jasotzeko hautagaiak pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak nahiz pribatuak izango dira.

  3. Hautagaiek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoarekin.

  4. Saritutako pertsonek ezin izango dute dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dien zehapen administratibo edo penalik izan, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hau da, ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

  1. Hautagaiak epaimahaiko kideek aurkeztuko dituzte arrazoitutako proposamenaren bidez eta hautagaien beraien aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko dute.

  2. Epaimahaikideek beren hautagaitzak aurkezteko honako bide hauek dituzte:

    Bide presentziala: hautagaitzak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik ordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako dependentzia eta organoen aurrean.

    Bide elektronikoa: hautagaitzak aurkeztu ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128209. Hautagaitza bide elektronikoa erabiliz aurkezten bada, ondorengo izapideak hemen egin behar dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Tramitazioari buruzko argibideak, bide presentzial nahiz elektronikoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, ondorengo helbidean: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128209

  3. Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    4.1 artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen direla akreditatuko da hautagaiaren jaiotze lekua jasotzen duen nortasun agiri, pasaporte edo balio bereko dokumentu baten bitartez eta errolda-agiriaren bitartez.

    4.3 eta 4.4 puntuetan ezarritako betekizunak hautagaiaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

  1. Nortasun juridikoa eratze-eskrituraren eta estatutuen bidez egiaztatuko da, bai eta kasuan kasuko Erregistro Publikoetan inskribatuta dagoela ere. Ez da beharrezkoa dokumentu horiek aurkeztea, elkartea, fundazioa edo kooperatiba Euskadiko erregistroetan inskribatuta badago.

  2. Betekizunak konplitzeari dagozkion akreditazioak eta onespenari dagokion dokumentazioa, lehenago ekarri ez badira, Epaimahaiak akordioa lortzen duenean eskatuko dira. Hautagaiak bere onespena eman ezean edo eskatutako betekizunen bat konplitzen ez duela egiaztatuko balitz, edo horri dagokion akreditazioa aurkeztuko ez balitz, hautagaitza baztertuta dagoela ulertuko da. Horren ondorioz, Epaimahaiak deliberazioekin jarraitu beharko du beste akordio bat lortu arte. Hautagaitza egin duen pertsonari dagokio akreditazioak aurkeztea.

  1. Hautagaiak aztertu eta ondorengo epaia ematea epaimahai bati dagokio. Epaimahaia aitortutako gaitasuna eta prestigioa duten bost kidek osatuko dute eta horietako bat epaimahaiburua izango da. Epaimahaiak erabakiko du bere lehenengo bileran nor izango den epaimahaiburu.

  2. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta errekusatuak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/1015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Halaber, batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute.

  3. 2024ko Gure Artea Sarien Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute: Susana Talayero, Laida Lertxundi, Ismael Manterola, Peio Aguirre eta Carmen Garmendia.

  4. Idazkari-lanetan Arrate Gonzalez Saez, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, arituko da. Idazkariak iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.

  5. Epaimahaiak honako irizpide hauek erabiliko ditu erabakia hartzeko:

    1. Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea:

      Artistaren jardueraren kalitate artistikoa.

      Ibilbide eta bilakaera artistikoa.

      Euskal sorkuntza eta kultura garaikideari egiten dion ekarpena.

      Nazioarteko proiekzioa.

    2. Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatea:

      Artistaren lanaren kalitate artistikoa.

      Azken urteotako ibilbide eta bilakaera artistikoa.

      Euskal sorkuntza garaikideari egiten dion ekarpena.

    3. Arte plastikoen eta ikusizkoen arloan egindako lana aitortzeko modalitatea:

      Saria jasotzeko hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren kalitatea eta haren garrantzi artistiko-kulturala.

      Saria jasotzeko entitatearen hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren interesa, Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko lanagatik kulturaren balio-katearen edozein fasetan.

      Euskal artisten lana hedatzeko eta haren balioa nabarmentzeko ekimenak garatzea.

      Euskal Autonomia Erkidegoko beste sektore sozial eta ekonomikoekin elkarreragiteko eta harremanetan jartzeko proiektuak garatzea, euskal sortzaileen sorkuntza-lana nabarmentzeari begira.

  1. Epaimahaiak modalitate bakoitzeko sariak emateko proposamen arrazoitua egingo du, proposamen hori funtsatzen duten zergatiak azalduta. Epaimahaiaren erabakiek bertako kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko dute. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du.

  2. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agindu bidez modalitate bakoitzean Gure Artea saria irabazi dutenak izendatuko ditu. Agindua banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau ondorioak izaten hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, hautagaitza ezetsitzat joko da, 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  3. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian modalitate bakoitzean saritutako pertsonen zerrenda jasoko duen iragarkia argitaratuko da, baina, horrez gain, hedabideetan egokitzat jotzen dituen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

  4. Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, baina kasu horretan epaimahaiak erabaki hori hartzeko zertan oinarritu den azaldu beharko du.

  5. Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.

Saria ordainketa bakar batean emango da, behin saria ematen duen ebazpena hartutakoan eta gehienez hiru hilabeteko epean. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako, hamar eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten saria onartu egiten dutela ulertuko da.

Sari hauek bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako laguntzekin.

Deialdi honetan finkatutako edozein betebehar zein beste edozein xedapenetan jasota egonik deialdi honi aplikatu dakiokeena betetzen ez bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluei ezarritakoari ekingo zaio.

Zure datu pertsonalak «Kultura eta sormen eremura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: eskubidea duzu zure datuetarako irispidea izateko, datu horiek zuzentzeko eta ezabatzeko, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu pertsonalak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

(www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml)

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

(eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 14a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.