Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko ekainaren 12koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen Gipuzkoako Zuzendariordetzan Auzitegi Klinikako zerbitzuburu lanpostua betetzeko berariazko merezimendu-lehiaketarako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 124
- Hurrenkera-zk.: 3035
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/06/12
- Argitaratze-data: 2024/06/25
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Justizia; Sailak; Funtzio publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, berariazko merezimendu-lehiaketa iragartzen da Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen Gipuzkoako Zuzendariordetzan Auzitegi Klinikako zerbitzuburu lanpostua betetzeko.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuarekin bat etorriz, hau
Deialdi honen xedea da Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen Gipuzkoako Zuzendariordetzan Auzitegi Klinikako zerbitzuburu lanpostu huts bereizia betetzea, berariazko merezimendu-lehiaketaren bidez. Lanpostu hori I. eranskinean («Lanpostuen zerrenda») dago jasota.
Betekizun orokorrak:
Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute, destinoa edozein lurralde-eremutan dutela ere, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte eta lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte mantentzen badituzte.
Zerbitzu aktiboko egoeran dauden funtzionarioek egoera horri eutsi beharko diote lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian daudenak, erreserbatutako lanpostura itzultzen badira, ez dira lehiaketan parte hartzetik baztertuko. Zerbitzu berezietara edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentziara igarotzen diren jarduneko funtzionarioak ere ez dira baztertuko.
Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak, lehiaketa ebazteko prozesuan, sektore publikoan zerbitzuak emateagatiko borondatezko eszedentziara, interes partikularragatiko borondatezko eszedentziara, familia elkartzeko borondatezko eszedentziara edo behin betiko eginkizun-gabetzera pasatzen badira, lehiaketan parte hartzetik kanpo geratuko dira.
Lehiaketa honetan ezin izango dute parte hartu:
Eginkizun-gabetze irmoa duten funtzionarioek, eginkizun-gabetzeak irauten duen bitartean.
Norberaren interesarengatiko borondatezko eszedentzian dauden langileek, egoera horretan egon beharreko gutxieneko aldian.
Nahitaezko lekualdatzearekin zigortutako langileek, urte bat edo hiru igaro arte, zehapena ezarri zitzaion herri berean destinoa lortzeko, falta astuna edo oso astuna bada, hurrenez hurren.
Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denborari dagokionez, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.
Betekizun espezifikoak:
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, honako betekizun hauek bete beharko dira:
Betekizun hauetako bat:
Traumatologiako aditu-prestakuntza edo traumatologiako espezialistaren titulua, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren artean indarrean dagoen prestakuntza-hitzarmenaren arabera.
Psikiatriako adituaren prestakuntza edo Psikiatriako espezialistaren titulua, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren artean indarrean dagoen prestakuntza-hitzarmenaren arabera.
4 urteko esperientzia auzitegiko mediku gisa.
Kudeaketako eta etengabeko hobekuntzako tresnei eta sistemei buruzko ezagutzak eta esperientzia.
Eskabideak hamar egun balioduneko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideetan, datu pertsonalak eta egungo lanpostua adieraziko dira. BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzerik ez badago, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira epeak.
Eskabideak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio, eta honako toki hauetan aurkeztuko dira: erregistro elektroniko orokorrean, Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATetako sarrera-erregistroetan, edo Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo administrazio-prozeduraren indarreko araudian aurreikusitako moduan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administraziokoak ez diren funtzionarioek, gainera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioaren izendapena.
Jabetzan betetako azken lanpostuaz jabetzeko eginbidea.
Kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzuen ziurtagiri eguneratua. Egindako zerbitzuak eskabideak aurkezteko epea amaitu arte zenbatuko dira.
Lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera bakarra egingo du parte-hartzaile bakoitzak.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezin izango da eskabidea ezeztatu edo aldatu.
Egindako eskaera loteslea izango da eskabideak aurkezteko epea igarotakoan.
Berariazko lehiaketa honek zenbait fase ditu:
Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak egiaztatu eta baloratzea.
Antzinatasuna: kidegoan emandako benetako zerbitzuengatik bi puntu emango dira zerbitzuan egindako urte oso bakoitzeko, eta epe laburragoak proportzionalki zenbatuko dira (0,0055555 eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta urteak 360 egunekoak. Kontzeptu honengatik 60 puntu emango dira gehienez.
Euskara jakitea: lanpostua betetzeko eskatzen den baino euskara-ezagutza maila handiagoa egiaztatzen bada, gehienez ere 12 puntu emango dira.
Ezagutza hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta tituluari dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bidez, zeina eskabideak aurkezteko epean aurkeztu beharko baita, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalizazioari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako garapen-xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
Hizkuntza-eskakizunik ez duten lanpostuak:
hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 6 puntu.
hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.
hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.
Bigarren fasea: merezimendu espezifikoak baloratzea. Kontzeptu honengatik 43 puntu emango dira gehienez.
Erakunde sanitarioetan zerbitzuen kudeaketan eta/edo zuzendaritzan erantzukizuneko postuak betetzeagatik: 0,25 puntu emandako zerbitzu-hilabete bakoitzeko, 5 puntu gehienez.
Traumatologia edo psikiatriako eginkizunak dituzten lanpostuetan aritzeagatik, lanpostu-zerrendan ezarritakoaren arabera: 0,25 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.
Lanpostuaren eginkizunei dagozkien gaietan edo diziplinetan prestakuntza espezifikoa izateagatik: 0,2 puntu, jasotako 10 prestakuntza-orduko; gehienez ere, 4 puntu.
Atal honetako merezimendu gisa baloratuko dira unibertsitateek, institutu edo eskola ofizialek eta beste erakunde batzuek deitutako eta antolatutako hobekuntza-ikastaroak, baldin eta administrazio publiko batek homologatu baditu. Atal honetan, lanpostuarekin zerikusia duten titulu akademiko ofizialak hartuko dira kontuan, baldin eta Auzitegiko Medikuen Kidegoan sartzeko eskatutakoez bestelakoak badira.
Eskatutako lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten argitalpenengatik: 4 puntu gehienez, argitaratutako lan bakoitzeko puntu 1.
Memoria: gehienez ere 20 puntu lor daitezke. Bete beharreko lanpostuaren eduki funtzionalari buruzkoa izango da memoria, lanpostuen zerrendan dagoen informazioaren arabera, eta, bereziki, ezagutza espezifikoen ataleko edukia kontuan hartuta. Memoriak bi zati izan behar ditu: bata, deitutako lanpostuaren eginkizunen azterketa, eta, bestea, antolaketa eta/edo funtzioak hobetzeko azterlan edo proiektu bat. Memoria horrek hamar orrialde izango ditu gehienez, din-A4 tamainakoa, espazio bikoitzera, «Arial» 11 letraz.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean baloratuko dira merezimenduak.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez izendatutako balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu merezimenduak.
Lau kidek osatuko dute, Administrazioa ordezkatuz, eta horietako bat, gutxienez, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioa izango da. Administrazioak izendatutako langileen artean, lehendakaria eta idazkaria izendatuko dira. Dagokion eremuan ordezkaritza handiena duten erakunde sindikalek bi kiderekin hartuko dute parte batzorde horretan.
Deitutako lanpostua atxikita dagoen titulazio bereko edo handiagoko kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko langileek.
Batzordearen osaeran emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak parte-hartzaileen baldintza espezifikoak betetzen diren aztertuko du, eta Batzordeari lagunduko dio merezimenduak baloratzen, parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuen eta horiek eskabideak aurkezteko epean aurkezten duten dokumentazioaren arabera.
Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera merezimenduak baloratu ondoren lortutako guztizko puntuazio handienak emango du.
Guztizko puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, kidegoan antzinatasun handiena duenera joko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, eskalafoira.
Deialdi hau behin-behinean ebatziko du Justizia Administrazioko zuzendariak, eta aldi berean argitaratuko da Justiziako Langileen Atarian eta Justiziako web-orrian (www.justizia.eus).
Behin-behineko ebazpenean adieraziko dira esleipendunaren jatorrizko lanpostua eta herria, alegatutako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
Behin-behineko ebazpenaren aurka alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epean.
Ezarritako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da ados dagoela eta onartzen dituela jasotako datuak, alegatutako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
Behin-behinean esleitutako destinoak ez du eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.
Hamar eguneko epe horretan uko egin ahal izango zaio lehiaketan parte hartzeari.
Alegazioak ikusita, deialdi hau behin betiko ebatziko da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Lehiaketa hau gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 1451/2005 Errege Dekretuaren 51.3 artikuluarekin bat etorriz.
Ebazpenean destinoa esleitzen zaion funtzionarioaren jatorrizko lanpostua adierazi beharko da.
Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu; eta hogei egun baliodunekoa, beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Lanpostuaz jabetzean zerbitzu aktibora itzultzea lortzen denean, epea hogei egunekoa izango da.
Lanpostuaz jabetzeko epea kargutik kendu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen. Kargutik kentze hori lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan egin beharko da. Ebazpenak zerbitzu aktibora itzultzea badakar, argitaratzen denetik aurrera zenbatuko da lanpostuaz jabetzeko epea.
Funtzionarioak baliatzen ari diren oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta, behar bezala arrazoitutako salbuespenezko zirkunstantziak direla-eta, oporrak edo lizentziak eten edo baliogabetu egiten badira.
Lanpostuaz jabetu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea jarduneko zerbitzutzat hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.
Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, eta, ondorioz, ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.
Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Hala ere, berariazko lehiaketa honen bidez lanpostu bat lortu duten funtzionarioek uko egin ahal izango diote, baldin eta lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen deialdi publiko bidez beste destino bat lortu badute. Kasu horretan, interesdunak deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko dio. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, funtzionarioek esleitutako lehenengo destinoaz jabetu beharko dute.
Deialdi honetan zehazki aurreikusita ez dagoen guztian, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da, eta, osagarri gisa, funtzio publikoari buruzko legeria orokorrean xedatutakoa.
Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aldi berean argitaratzea lortzen ez bada, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 12a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: AGINDUA, 2024ko azaroaren 21ekoa, Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuarena, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Gipuzkoako Zuzendariordetzako Auzitegiko Klinikako zerbitzuburuaren lanposturako merezimendu-lehiaketa espezifikoa behin betiko ebazten duena.
- Ikus: AGINDUA, 2024ko irailaren 11koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen Gipuzkoako Zuzendariordetzan Auzitegi Klinikako Zerbitzuburuaren lanpostua betetzeko berariazko lehiaketarako merezimenduak baloratzeko batzordeko kideak izendatzen dituena. Lanpostu horretarako deialdia 2024ko ekainaren 12ko Aginduaren bidez egin zen.
- Ikus: AGINDUA, 2024ko irailaren 17koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baita Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen Gipuzkoako Zuzendariordetzako zuzendariorde-lanpostua izendapen aske bidez betetzeko deialdi publikoa.