Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko martxoaren 20koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko biotopo babestuen izena egokitzea onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 60
  • Hurrenkera-zk.: 1476
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/03/20
  • Argitaratze-data: 2023/03/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondarearen kontserbazioa Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen bidez antolatu zen juridikoki; lege horrek esparru juridikoa ematen zion natura-baliabideak, naturagune babestuak eta flora eta fauna kontserbatzeari eta antolatzeari. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartu zen, ekainaren 30eko 16/1994 Legearen ondoz ondoko aldaketak integratzeko.

Hala ere, azken urteotako lege-garapen garrantzitsuak, batez ere Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea indarrean jarri zenetik, euskal lege-esparrua eguneratu beharra ekarri du, egungo arazo eta eskakizunei erantzuteko. Hala, 2021ean, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legea onartu zen.

Azaroaren 25eko 9/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian, biotopo babestuen araubideari buruzkoan, honako hau xedatzen da: «Natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailburuaren aginduz, lege hau indarrean sartzean deklaratuta dagoen biotopo babestu bakoitzaren izena naturagune babestuen tipologia egokienera egokituko da, 37. artikuluan ezarritakoaren arabera. Izen berria izateak ez du esan nahi biotopoaren deklarazio-dekretua aldatzeko prozedura izapidetu behar denik».

Bestalde, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 37. artikuluak adierazten duenez, naturagune babestuen kasuan, kategoria horretan sartzen dira parke naturalak, natura-erreserbak, natura-monumentuak eta paisaia natural babestuak. Gainera, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 48. artikulutik 51.era bitartekoek lurralde bakoitzak kategoria batean edo bestean sartzeko izan behar dituen ezaugarriak definitzen dituzte, eta ezaugarri horiek kontuan hartu behar dira biotopo babestuak egokitzeko orduan.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, babestutako biotopo gisa sailkatuta zortzi hauek daude: Añanako diapiroa, Gaztelugatxe, Inurritza, Guardiako aintzirak, Itxina, Meatzaldea, Leitzaran ibaia eta Deba-Zumaia itsasertza.

Biotopo babestuaren figura desagertu dela kontuan hartuta, kategoria horretan izendatutako espazioak aztertu behar izan dira, eta babes-figura berri bat esleitu behar izan zaie, haien ezaugarri partikularrak eta aplikatzen zaizkien kudeaketa-dokumentuak oinarri hartuta, erreferentziatzat hartuta, halaber, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 37. artikuluan naturagune babestuetarako ezarritako tipologia berriak.

Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak (NKNB) sei kudeaketa-kategoria ezarri zituen mundu-mailan eremu babestuak kudeatzeko, dagozkion kudeaketa-helburuetan oinarrituta eta ezarritako erabilera bateragarrietan oinarrituta, babeserako legezko izendapen eta figuren ugaritzea antolatzeko eta dauden naturagune babestuen tipologia desberdinak harmonizatzeko. Horregatik, naturagune babestuen kategoria berriak esleitzean, NKNBaren eremu babestuen nazioarteko erabilera-kategoriak esleitzeko prozedura aplikatu da.

Kontuan hartuta azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 53.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, naturagune babestuen kudeaketari dagokienez, kudeaketa hori foru-organo eskudunei dagokiela, txosten teknikoa eta naturagune babestu bakoitzaren fitxa foru-aldundiei bidali zitzaizkien, bi hilabeteko epean egoki iritzitako oharrak egin zitzaten.

Era berean, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen arabera (ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituena), txostena eta fitxak interesdunen eskura jarri dira, Irekia egoitza elektronikoaren bidez.

Agindu honetan arautzen den gaiari dagokionez, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 8.1 artikuluan u) eta w) letretan ezartzen duenez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari dagozkio natura-ondarea kontserbatzea 8.1.u) artikulua eta natura-baliabideak antolatzea eta natura kontserbatzea 8.1.w) artikulua.

Horrenbestez, eta Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoan deklaratutako biotopo babestuen babes-figura Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 37. artikuluan ezarritako naturagune babestuen tipologiara egokitzea, taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Era berean, aplikatutako esleipen-metodologiari buruzko informazioa eta espazio bakoitzaren egokitzapenari dagokion fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-ondarea kontserbatzeko eskumena duen sailaren webgunean argitaratzen dira: https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/adaptacion_biotopos/eu_def/adjuntos/biotopoenAzterketa.pdf

Hirugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nahi izanez gero, eta aldez aurretik, berraztertzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo honi, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 20a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.