Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko ekainaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023an eta 2024an Euskal Kultura Ondarearen babesaren arlora bideratutako ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia egin eta hartarako araubidea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 115
  • Hurrenkera-zk.: 2897
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/06/08
  • Argitaratze-data: 2023/06/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, 10. artikuluaren 19. apartatuan, Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta EAEk bere gain hartzen du Estatuak ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurrean babesteko ezarritako arauak eta betebeharrak betetzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 1. artikuluan jasotzen den moduan, EAEko euskal kultura-ondarerako ezartzen den araubide juridikoaren helburua da ondare hori babestea, kontserbatzea eta balioa ematea, eta pertsona guztiek, oraingo zein etorkizuneko belaunaldietakoek, aukera izatea ondare hori irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan ezagutu, ikertu, hedatu eta horretaz goza dezaten, betiere baldintzek aukera ematen badute.

Sustapen-neurriei dagokienez, maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 79.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta udalekin elkarlanean, ikerkuntza eta prestakuntza sustatuko ditu kultura-ondareari buruzko gaietan. Orain dela urte batzuetara arte, ondare hori, dokumentazioari eta babesari dagokienez, ondare historiko-arkitektonikora eta arkeologikora mugatzen zen, baina, denbora igaro ahala, zientzialariek ia landu ez dituzten eremuetara zabaldu da: industria-ondarea, ondare immaterial edo ukiezin deitutakoa, eta, nola ez, memoria historikoaren ondarea, bai eta ondare higigarria ere. Horrez gain, ez da ahaztu behar genero-ikuspegia txertatu behar dela ondare horiek identifikatu eta baloratzean.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ematen dizkion eskumenak garatzen ditu, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren bidez. Zentro hori Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera (EHAA, 47. zk., 2021eko martxoaren 5ekoa).

Agindu honek, bada, kultura-ondarearen babesari aplikatutako ikerketa-proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzeko esparrua zehazten du, eta dirulaguntzon deialdia egiten du 2023rako eta 2024rako.

Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Hain zuzen ere, plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduaren bidez onartu zen, eta, besteak beste, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduak aldatu zuen. Agindu horren bidez, halaber, 2023ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartu zen. Hemen daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Horrenbestez, honako hau

Deitutako laguntzen helburua da euskal kultura ondareari buruzko ikerketa-proiektuak egitea, ezagutza berria sortzeko eta, horrela, haren babesa hobetzeko, ondare material higiezina eta higigarria barnean direla. Agindu honen xedetik kanpo geratzen da kultura-ondare immaterialaren ikerketa.

Euskal kultura-ondarea hobeto ezagutzen laguntzen duten eta berau babesteko irizpide oinarridunak zehazten eta tresna erabilgarriak egiten laguntzen duten proiektuak lagundu ahal izango dira diruz. Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondareari buruzkoak izango dira proiektuak, eta iturri dokumental, bibliografiko, arkeologiko, toponimiko, grafiko eta bisualak izango dituzte oinarri, bai eta ahozko transmisioko iturriak ere.

Dirulaguntzen lerro honetatik baztertuta egongo dira honako hauek:

Laborategi edo profesional espezializatuen analitikak egiteko xede bakarra duten proiektuak; adibidez, eta zerrenda osoa emateko asmorik gabe: datazio absolutuak, dendrokronologia, DNA analitikak edo biologia molekularra, isotopo egonkorrak, etab. Halere, kultura-ondarea higigarria edo higiezina ikertzeko proiektuek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte baldin eta analitikak egin behar badituzte, proiektuaren xede den ondarea ikertzeko erabilitako informazioa hobetu eta zehazteko laguntza gisa. Betiere proiektuan esplizituki justifikatu beharko da analitika horiek osagarriak direla, eta ez funtsezkoak.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak deialdi honen aurretik egin dituen ondare-katalogoak egitea xede duten proiektuak.

Jarduera bakartzat edo nagusitzat honako hauek dituzten proiektuak: bibliografia-iturrietan, ahozko iturrietan, artxibo- eta dokumentu-funtsetan, museo-funtsetan eta memoria eta dokumentazio arkeologikoetan jasotako datuak edo informazioa hustea eta biltzea, zabaltzeko edo argitaratzeko, edo datu-baseetan, dokumentuen edo geografiaren informazio-sistemetan edo higiezinen dokumentazio geometrikoan lortutako informazioa, edo ondare-dokumentu edo -objektuen irudi edo eredu digitalak lortzea.

Landako lan arkeologikoak, lurpean nahiz eraikinetan (altxaeren analisia) eginak, foru-aldundiek abiarazitako beste dirulaguntza-lerro batzuen xede badira, lan horiek ikerketaren xede nagusia direnean.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aplikatuta nahitaezkoak diren lan arkeologikoak, babes bereziko eta ertaineko kultura-ondasun deklaratutako eremu arkeologikoei eta ustezko zona arkeologikoei eragiten dieten obren ondoriozkoak.

Foru-aldundiak edo beste administrazio publiko batzuk egiten ari diren ikerketa-jarduerak, giza baliabide propioekin edo kontratatuta.

  1. Dirulaguntza hau eskatu eta lortu ahal izango dute pertsona fisikoek, bai eta pertsona juridiko-pribatuek ere, baldin eta kultura-ondarearekin zerikusia duten jarduerak garatzea bada euren sozietate- edo estatutu-helburua.

  2. Sektore publiko instituzionala eratzen duten erakundeek ezin izango dituzte laguntza hauek jaso, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera.

  3. Dirulaguntza pertsona fisiko batek eskatzen badu, bai proiektua berak bakarrik egikaritzen badu, bai proiektua beste pertsona batzuekin partzialki azpikontratatuta egikaritzen badu, eskatzailea dirulaguntzaren onuradun bakarra izango da, eta bere gain hartu beharko du proiektuaren zuzendaritza zientifikoa.

Aurreko artikuluan aurreikusitako xedera, ehun eta laurogeita hamar mila (190.000) euro bideratuko dira. Horietatik laurogeita hamabost mila (95.000) euro 2023ko aurrekontuari dagozkio, eta laurogeita hamabost mila (95.000) euro 2024ko konpromiso-kredituetarako dira.

  1. Onartutako aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko moduko gastuen ehuneko ehun (% 100) hartu ahal izango dute dirulaguntzek, proiektu bakoitzeko hamabost mila (15.000) euro gainditu gabe; betiere Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.

  2. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartzen dira zuzenean lana egitearen ondorioz sortu direnak, baldin eta lana justifikatzeko ezarri den aldia amaitu baino lehen egin badira. Hain zuzen ere, lana justifikatzeko azken eguna agindu honen 21. artikuluan dago zehaztuta, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsia 83. artikulua.

  3. Zehazki, honako gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz: langileen gastuak, hau da, pertsona edo erakunde onuradunak kontratatutako langileen gastuak, hirugarrenen zerbitzu profesionalak, joan-etorrien gastuak, kontsumigarrien erosketa, baita tresnak eta erremintak ere, NBE (Norbera Babesteko Ekipamendua) landa-lanerako, erreprografia-zerbitzuak, landa-lana egiteko ibilgailu motordunak alokatzea, eta lurrak mugitzeko makinak alokatzea. Diruz lagundutako programari egotz dakizkiokeen zuzeneko kostu guztien % 10eko mugaraino lagundu ahal izango dira diruz berariazko administrazio-gastuak ere, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta badaude eta jarduera behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira, eta betiere horiek berariaz aurreikusita eta kuantifikatuta badaude proiektuaren aurrekontuan.

  4. Mantenu- eta desplazamendu-gastuak diruz lagundu ahal izateko, ezinbestekoa izango da arrazoituta egotea eta landa-lanak egiteko behar-beharrezkoak izatea; horiek berariaz justifikatu beharko dira proiektuan, eta eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan dagokion partida ekonomikoa izan beharko dute. Joan-etorrien gastuei dagokienez, diruz lagundu ahal izango dira garraiobide publikoak erabiltzeagatiko gastuak eta norberaren ibilgailua erabiltzeagatiko bidaia-ordainak. Azken horiek egindako kilometro bakoitzeko 0,29 euroko gehieneko mugarekin lagunduko dira diruz. Hala badagokio, landa-lanak egiteko beharrezkoak diren autobide-bidesariak eta aparkaleku-gastuak diruz lagundu ahal izango dira. Garraio publikoko joan-etorriak diruz lagunduko dira bidaia-tituluaren edo dagokion fakturaren ziurtagiriaren bidez egiaztatutako zenbatekoagatik. Hotel-establezimenduetako egonaldiagatiko gastuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere ostatua hartu duten pertsonak eta ostatu-datak identifikatzen badira gastu horiek justifikatzeko fakturetan.

  5. Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastuak izango Balio Erantsiaren Zergari dagozkionak, pertsona edo entitate onuradunak horiek berreskuratzeko edo konpentsatzeko aukera badu. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa aurreikusitako zuzeneko gastuen eta egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Eskabidean, pertsona edo entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bidez adierazi beharko du dirulaguntzaren xede diren operazioetan jasandako BEZ osorik edo zati batean kentzeko edo berreskuratzeko eskubidea duen.

  6. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada eta deialdi honetan ezarritako mugak gainditzen ez badira. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

  1. Jarduteko erabateko gaitasuna izatea.

  2. Pertsona juridikoen kasuan, kultura-ondarearekin zerikusia duten jarduerak garatzea izango da haien helburu soziala.

  3. Egunean izatea zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak.

  4. Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten duen zehapen administratibo edo penala jaso duten eskatzaileak, ezta horretarako desgaikuntza dakarren legezko debekuren bat dutenak ere, eta hor sartzen da martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko legearen testu bateginean ezarritakoa.

  5. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzeko, pertsona edo erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko edozein erakunderekin zorrik ez badute dirulaguntzak betearazpen-epean itzultzeagatik, edo, premiamendu-bidea erabili behar ez duten pertsona onuradunen edo erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrik ez badute. Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta eta bermatuta daudenean edo etetea erabaki denean dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta.

  6. Edonola ere, ezingo dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako gainerako kasuren batean dauden pertsona fisiko edo juridikoek.

  1. Eskabidea pertsona fisiko batek zein pertsona juridiko batek aurkezten badu ere, lana banaka edo taldean egin ahal izango da.

  2. Nolanahi ere, lana banaka egiten duen edo, hala badagokio, talde baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsonak lizentziatura edo gradu titulua (edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria) izan beharko du, eta horren ikasketa-plana honako ikasketa-arlo hauetan oinarrituko da: Historia, Artearen Historia, Arkeologia edo Kultura Ondarea. Bestela, graduondoko titulazio ofizial bat (ikasketa aurreratuen diploma, masterra edo doktoregoa) ere baliozkoa izango da, baldin eta titulu hori lortzeko ikerketa-lan bat egin bada eta lan horren helburuak lotura zuzena badu jakintza-arlo horiekin.

  3. Proiektu baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsona deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakarrean baino ezingo da halakotzat agertu.

  4. Dirulaguntzaren eskatzaile gisa pertsona fisiko bat agertzen bada, eskatzaile horrek berak hartuko du bere gain proiektuaren zuzendaritza zientifikoa, edo berak bakarrik gauzatuko du proiektua. Horretarako, artikulu honen 2. puntuan adierazitako kualifikazio zientifiko-akademikoaren betekizuna bete beharko du. Eskatzaile gisa pertsona juridiko bat agertzen bada, artikulu honen 2. puntuan ezarritako titulazio-betekizunak betetzen dituen pertsona bat izendatu beharko du proiektuaren zuzendaritzaren arduradun.

  5. Unibertsitateko irakasle batek edo unibertsitate zein erakunde zientifiko batekiko lotura estatutario edo laboral iraunkorra eta doktore-titulua dituen pertsona batek emandako abal zientifikoa izan beharko du proiektuaren zuzendaritzaz arduratuko den pertsonak.

  6. Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko azpikontratazio partziala egin ahal izango da, aurrekontuaren % 80ko mugarekin. Ondorio horietarako, azpikontrataziotzat hartuko da hirugarrenekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzea. Pertsona edo erakunde onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira. Jarduera azpikontratatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio; beraz, dirulaguntzaren onuradunak ezin izango du, inola ere, diruz lagundutako jardueren gauzatze partziala hitzartu artikulu horren 7. apartatuan ezarritako kasuren batean dauden pertsona edo erakundeekin.

Diruz lagundutako proiektuek 2023ko ekitaldian hasi behar dute edo ordurako hasita egon behar dute. Proiektuak amaitzeko azken eguna 2024ko urriaren 25a izango da, eta egiteko epea ezin izango da luzatu edo geroratu egun horretatik aurrera.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz nahiz presentzialki eskatu, kontsultatu eta gauzatu ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak, non eta administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko betebeharrik ez dagoen, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan. Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, prozedura administratiboaren izapideak egiteko.

  3. Eskabideak modu presentzialean ere aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da aurretiazko hitzordua eskatzea honako bide hauetako bat erabiliz: https://www.euskadi.eus/web01-ejqmatic/eu/zuzeneanwebbooking/#/?lang=eu_es helbidearen bidez; aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko beren-beregi jarritako 945 01 90 00 telefonora deituta; EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako toki edo bulegoetan, osorik eta behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bitartez. Eskabideetan, Kultura Ondarearen Zuzendaritza adierazi beharko da, hura baita eskabidearen hartzaile izango den organo kudeatzailea.

  4. Eskabide-inprimakia, bai eta izapideak aurrez aurre zein bide elektronikoz egiteko zehaztapenak eta ereduak ere, eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan.

  5. Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030008

  6. Bide elektronikotik egindako eskaeraren osteko izapideak egoitza elektronikoaren bitartez egingo dira. Artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbidetik sar daiteke egoitza elektroniko horretara; bestela, zuzenean dagokion espedientera sar daiteke Nire Karpeta ataletik, helbide honetan: www.euskadi.eus/nirekarpeta

  7. Administrazio Publikoekin nahitaez bide elektronikoz harremanetan egon beharrik ez duten pertsona fisikoen kasuan, eskabidea egiteko eta dokumentuak aurkezteko aurrez aurreko bidea nahiz elektronikoa erabilita ere, horrek ez du esan nahi ezinbestean bide bera erabili behar dutenik prozeduraren ondorengo izapideetan, eta edozein unetan aldatu ahal izango dute. Abisuak eta jakinarazpenak jasotzeko bidea aldatzen bada, Zuzendaritza Kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioaren bitartez.

  8. Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

  9. Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  10. Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek (pertsona fisikoa edo juridikoa) egin ahal izango ditu, elektronikoki nahiz paperean. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan eman beharko du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  1. Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileen edo, hala badagokio, horiek ordezkatzen dituen pertsona fisikoaren nortasuna automatikoki egiaztatu ahal izango du organo kudeatzaileak, pertsona fisiko edo erakunde eskatzaileen baimenik behar izan gabe. Hala ere, pertsona edo erakundeak espresuki egin diezaioke uko organo kudeatzailearen ofiziozko egiaztapenari, eskaeran dagokion aukera markatuz, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

  2. Dirulaguntza pertsona juridiko batek eskatzen badu, egiaztatu beharko du bere xede edo helburu sozialean sartzen dela kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea. Hori egiaztatzeko, erakundearen eratze-eskrituren edo estatutuen kopia bat aurkeztu beharko du.

  3. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntzak eskatu dituzten pertsonek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak. Horretarako ez du oniritzirik beharko, halaxe xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak. Pertsona edo erakunde eskatzaileek zuzeneko egiaztatze horren kontra daudela adierazi ahal izango dute espresuki. Hori egitekotan, betekizuna betetzen dutela egiaztatzeko behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Ordainketak egunean izatea eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea eskatzen diren baldintzak dira, bai onuradun izateko, bai onuradun izaten jarraitzeko.

  4. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluan ezarritakoa betez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidearen formularioarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez:

    Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik heldu diren eta xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuei buruzko jakinarazpena, baldin eta, eskabidea izapidetzeko unean, oraindik ebatzi gabe badaude edo, hala badagokio, lortu badira.

    Itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez dagoela edo prozedura horiek amaitu direla egiaztatzen duen agiria.

    Eskatzaileak ez izatea dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zehapen penal edo administratiborik edo horretarako desgaikuntza dakarren lege-debekurik. Hor sartzen dira martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bateginaren arabera sexu-bereizkeria dela-eta jasotako zehapen administratibo edo penalak eta debeku hori dakartenak.

    Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoak.

  5. Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, 7. artikuluan proiektua zuzentzeko eskatzen den titulazioa badutela egiaztatzeko, tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia aurkeztuko da.

    Lanaren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonak 7. artikulu horretan adierazitako jakintza-arloetan oinarritutako graduko edo lizentziaturako titulaziorik ez badu, eta, beraz, graduondoko goi-mailako titulu ofizial bat masterra, ikasketa aurreratuen diploma edo doktoretza duela egiaztatu behar badu, eta titulu hori lortzeko arlo horiekin zuzenean lotutako ikerketa-lan bat egin badu, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

    Graduondoko titulua lortzeko aurkeztutako ikerketa-lanaren kopia (ikerketa-nahikotasunaren ziurtagiria edo ikasketa aurreratuen diploma), edo master amaierako lanarena, master-titulua bada, edo emaitzak jasotzen dituen argitaratutako artikulu zientifiko batena.

    Doktorego-titulua izanez gero, doktorego-tesiaren defentsa egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztuko da, unibertsitateak emana, non egilea, titulua eta lortutako kalifikazioa adieraziko baitira. Laguntzak kudeatzen dituen zuzendaritzak informazioa zabaltzeko eskaera egin ahal izango du. Horretarako, doktorego-tesiaren edukiaren lagin bat edo emaitzak argitaratu dituen artikulu edo monografia bat aurkeztu beharko da, baldin eta tesiaren tituluak ez badu behar bezala adierazten egin den ikerketaren xedea, betekizuna betetzen duela egiaztatzeko.

  6. Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskubidea dauka lehendik administrazio publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin bat etorriz. Hala eginez gero, adierazi beharko du zer administrazio-organotan eta noiz aurkeztu zituen; datu pertsonalak jasotzen dituzten agirien kasuan, interesdunaren berariazko baimena beharko da,

Eskabideaz gain, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

  1. Egingo duen ikerketa-proiektuaren memoria. Memoriak 15 orri izango ditu gehienez, eta epigrafe hauetan egongo da egituratuta:

    Titulua.

    Proiektuaren aurkezpena.

    Proiektuaren helburu zehatzak (dirulaguntzaren iraupena aintzat hartuta).

    Gaiaren interesa eta ikerketen uneko egoera.

    Lan-hipotesia, -metodologia eta -plana, eta dagokion kronograma.

    Hala badagokio, proiektua gauzatzen lagunduko duen giza taldearen osaera, bere gain hartuko dituen edo lagunduko dituen zereginak adierazita.

    Iturri eta bibliografia espezifikoak.

  2. Proiektuaren zuzendaritzaz arduratuko den pertsonaren eta proiektua gauzatzen lagunduko duten langile kualifikatuen curriculum vitae laburtua.

  3. Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, agindu honen 9. artikuluan adierazitako tokietan eskuragarri dagoen «Gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.

  4. Erakunde zientifiko batekiko lotura estatutario edo laborala duen unibertsitate-irakasle edo ikerlari doktore baten txostena, aurkeztutako proiektua bermatzen duena, agindu honen 9. artikuluan adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen inprimaki-ereduaren arabera egindakoa.

  5. Pertsona edo erakunde eskatzaileak edo haren ordezkariak eskaera-inprimakian adierazten badu nortasun-datuak automatikoki egiaztatzearen aurka dagoela: eskatzailearen, eta, hala badagokio, haren ordezkariaren NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada.

  6. Zerga-egoitza EAEn duten pertsonek edo erakundeek, eskaera-inprimakian adierazi badute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituztela automatikoki egiaztatzearen aurka daudela, horren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte. Zerga-egoitza EAEtik kanpo duten pertsonek edo erakundeek zerga-betebeharrak beteta dituztela egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko dute, zerga-egoitza Nafarroan edo zerga-araubide komuneko lurraldeetan badute (Estatuko Zerga Agentziaren ziurtagiria). Zerga-egoitza atzerrian duten pertsonek edo erakundeek dagokion zerga-administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

  7. Lizentziatura edo gradu, master, ikasketa aurreratuen diploma edo doktorego tituluaren kopia, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriarena, agindu honen 7. artikuluan eskatutakoaren arabera.

  8. Pertsona onuradunak graduondoko titulazio ofizial bat (ikasketa aurreratuen diploma, masterra edo doktoregoa) aurkezten badu, eta titulu hori lortzeko ikerketa-lan bat egin bada eta lan horren helburuak lotura zuzena badu jakintza-arlo horiekin: alegatutako graduondoko titulua lortzeko egindako ikerketa-lanaren kopia, formatu elektronikoan. Dokumentazioa aurrez aurre aurkezten bada, ahal dela formatu elektronikoan aurkeztuko da, memoria-unitate ateragarri batean grabatuta (DVD, CD edo USB memoria). Fitxategiak 30 Mb-tik gorako pisua badu, hiperesteka bat duen dokumentu bat aurkeztu ahal izango da, eta, horren bidez, dokumentua dagoen gordailuan sartu eta zuzendaritza kudeatzaileak deskargatu ahal izango du.

  9. Erakunde juridiko-pribatu batek eskatzen badu dirulaguntza, haren estatutuen edo eratze-eskrituren fotokopia.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

  1. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.

  2. Eskabidearen izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik.

  3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 eta 14.3 artikuluen arabera eskabidea edo laguntzak kudeatzeko eskatutako gainerako dokumentazioa nahitaez bide elektronikoz aurkeztu behar duen pertsona edo erakunderen batek eskabidea modu presentzialean aurkezten badu, interesdunari eskatuko zaio zuzen dezala, modu elektronikoan aurkeztuz. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideok aztertu eta horiek onartu ala ez ebazteko eta onartutako eskabideen jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari.

  2. Batzordeak osaera orekatua izan beharko du, eta bi sexuek, gutxienez, % 40ko ordezkaritza izan beharko dute, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera:

    1. Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta, boto-berdinketa egonez gero, bere kalitate-botoaz ebatziko du. Batzordeburuaren kargua hutsik badago, ez bada bertaratu, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatu bada, hierarkia, antzinatasun eta adinik handieneko batzordekideak ordeztuko du, betiere hurrenkera horretan.

    2. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren arduraduna.

    3. Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kulturako sailburuordeak izendatutakoak.

    4. Hiru lurralde historikoetako edozeinetako foru-sektore publikoko teknikari bat, kultura-ondarearen eremuari atxikitako zerbitzu teknikoetan jarduten duena. Kulturako sailburuordeak izendatuko du.

      Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko teknikari bat. Batzordeko idazkaria izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez. Kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du, organo horren jarduketak ziurtatu beharko ditu, eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatuko direla bermatuko du.

  3. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Balorazio Batzordearen osaera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

  4. Salbuespenez, Balorazio Batzordeak egoki deritzonean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

  5. Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria bertaratzea edo urrunetik aritzea, bai eta, gutxienez, batzordekideen erdiak ere.

  6. Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

  1. Agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko, norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da:

    Behin eskaerak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, hala badagokio, 13.2 artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatzean, agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskabideak ebaluatu egingo ditu Balorazio Batzordeak, 16. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorrita.

    Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek, gutxienez, 50 puntu jaso behar dituzte ebaluazio-fasean.

  2. Bi proiektuk edo gehiagok ikerketa-, ikuspegi- eta metodologia-helburu berdinak edo oso antzekoak badituzte, eta, horiek gauzatzeko, ondasun berean teknika suntsitzaile edo erdi-suntsitzaileen bidez esku hartu behar bada, edo Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen araberako administrazio-baimena behar bada, eta proiektu horiek ebaluatu ondoren 50 puntu edo gehiago lortzen badituzte, puntuazio txikiena lortu dutenak baztertuko dira, eta puntuazio handiena lortu duena bakarrik mantenduko da.

  3. Hainbat proiektuk puntuazio bera lortzen badute, agindu honen 16.e artikuluaren e) apartatuan puntuaziorik handiena lortu duenak izango du abantaila. Berdinketak jarraitzen badu, abantaila izango du agindu honen 16. artikuluaren h) irizpidea betetzen duen eskatzaileak. Eskatzaile batek ere ez badu baldintza hori betetzen, agindu honen 16. artikuluaren b) irizpidean lortutako puntuaziorik handienak erabakiko du berdinketa.

  4. Gehienez ere onartutako aurrekontuaren % 100 emango zaie horiei, gainfinantzaketarik sortu gabe, eta betiere agindu honen 5. artikuluan zehaztutako gehieneko muga errespetatuta. Proiektuek lortutako puntuazioak markatzen duen ordenari jarraikiz emango da laguntza, harik eta baliabide ekonomikoak agortu arte. Azkeneko lekuan dagoen proiektua diruz laguntzeko zenbatekoari dagokionez, zenbatekoa ez bada % 100era iristen, zenbateko txikiagoa emango da; betiere, Balorazio Batzordeak uste badu hala eta guztiz ere bermez gauzatu ahal izango dela. Dena dela, kasu horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izango da izan eskatutako dirulaguntzaren % 65 baino txikiagoa.

  5. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoak deialdian finkatutako kreditua gainditzen badu, finantzaketa handieneko proiektutik kenduko da ateratzen den aldea.

Dirulaguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko, alderdi hauek baloratuko dira (guztira, 100 puntu izango dira):

  1. Azterketaren xede den esparruaren orokortasun-maila (kultura-ondasun ugari biltzen dituen edo ez; hori ez da ulertuko kopuruari dagokionez, baizik eta koherentzia duen ondasun-multzo gisa; hala nola, tipologia, kronologia, geografia-esparrua, etab.): 10 puntu, gehienez.

    5 eta 10 puntu artean emango dira, baldin eta ikerketa tipologia jakin bateko ondasunetan zentratzen bada, edo eremua Euskal Autonomia Erkidegoa bada, edo, lurralde historiko bateko ondasun multzo partzial bat izanik ere, talde esanguratsua bada.

    1 eta 4 puntu artean emango dira elementu bat edo batzuk modu isolatuan aztertzen direnean (ez du zertan banakakoa izan).

  2. Kultura-ondasunen inguruko proiektuak, baldin eta ondasun horien inguruabarrek lehentasunezko hautagai egiten badituzte aztertzeko. Gehienez ere, 15 puntu:

    Interes-mailagatik edo berezko balioagatik (balio historikoa, artistikoa, arkeologikoa, etnografikoa eta euskal kultura-ondarean duen salbuespen-maila), hain landua ez den jakintza-arlo bati atxikitzeagatik, kontserbatzeko zailtasun handiagoa izateagatik, babes-mekanismoak artikulatzeko zailtasun handiagoa izateagatik: 15 eta 8 puntu artean.

    Aztertzea egokia izateagatik, ondasunaren aldeko edo kontrako kanpoko inguruabarrak kontuan hartuta (eragin negatiboa izan dezaketen hirigintza-, ekonomia- edo azpiegitura-plan potentzialak, interes soziala, balioztatzeko planik egotea): 1 eta 7 puntu artean.

    Lanaren xede den ondasunak lehentasuna ematen dion aurreko egoeretako bat ere betetzen ez badu: 0 puntu.

  3. Beste iturri batzuen artean landa-lana baliatzen duten proiektuak, gehienez ere 10 puntu, egin beharreko landa-lanen intentsitatearen eta bolumenaren arabera. Puntu hauek emango dira:

    5 eta 10 puntu artean, hainbat elementutan luze-zabaleko indusketa arkeologikoa edo zundaketa arkeologikoa egitea eskatzen duten lanei; edo elementu bat osorik edo zenbait elementuren zati bat hartzen duten dokumentazio geometrikoko lanei edo altxaeren azterketa estratigrafikoko lanei.

    1 eta 4 puntu artean, elementu baten zundaketa edo kata puntualak egin behar badira, edo hainbat elementutan administrazio-baimenik behar ez duten landa-lanak badira.

    0 puntu, proiektuak inolako landa-lanik aurreikusten ez badu.

    Landa-lanak izango dira Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 64. artikuluan jasotakoak ondare arkeologikorako, bai eta azterlanaren xede diren kultura-ondasunei buruzko datuak «in situ» biltzea dakarten beste modalitate batzuk ere: elkarrizketak, inkestak, ondasunak berrikustea datuak biltzeko, higiezinen azterketa estratigrafikoa eta abar.

  4. Jatorrizko dokumentu-iturriak zuzenean kontsultatzeko artxiboetara jo behar duten proiektuak: 5 puntu, gehienez. Puntu hauek emango dira:

    5 puntu, dokumentazio historikoa artxiboetan kontsultatzea eskatzen duten proiektuei.

    1 eta 4 puntu artean, beste informazio-iturri dokumental batzuetara jo behar dutenei.

    0 puntu, proiektuak ez badu aurreikusten jatorrizko dokumentu-iturriak kontsultatzea.

  5. Proiektuaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 45 puntu. Atal hau baloratzeko, azpi-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Helburuen deskribapenaren, esparru teorikoaren eta metodologiaren egituraketa-, zehaztasun- eta xehetasun-maila: 25 puntu, gehienez, baremo honen arabera:

    Oso handia: 20-25 puntu.

    Nahiko handia: 10-19 puntu.

    Eskasa: 1-9 puntu.

    Ezdeusa: 0.

    2. Pertsonaren edo, hala badagokio, giza taldearen egokitasuna eta gaitasun zientifiko-teknikoa proiektua behar bezala gauzatzeko: 10 puntu, gehienez, baremo honen arabera:

    Oso egokia: 6-10 puntu.

    Nahiko egokia: 5 puntu.

    Egokitasun eskasa: puntu 1.

    3. Zenbateraino dagoen bideratua kultura-ondarea bebestera: 1-10 puntu.

    Oso bideratua eta aplikazio praktiko handia: 5-10 puntu.

    Ondarea babesera oso gutxi edo ia batere ez bideratua eta aplikazio praktiko eskasa edo ezdeusa: 1-4 puntu.

  6. Euskaraz egindako proiektuak, baldin eta onuradunak ikerketaren azken emaitza euskaraz edo EAEko bi hizkuntza ofizialetan aurkezteko betebeharra hartzen badu: 5 puntu.

  7. Ondare higigarria aztergai nagusi duten proiektuei 5 puntu emango zaizkie.

  8. Ikerketa-proiektuaren zuzendaritza zientifikoa emakume batek hartzea bere gain, edo proiektuak genero-ikuspegia txertatzea ikerketaren xedean. Bi egoera horietako edozein gertatzen bada, 5 puntu emango dira.

    Ondorio horietarako, ulertuko da proiektuak genero-ikuspegia txertatzen duela ikerketaren xedean, baldin eta aurkeztutako proiektuaren memoriak analisi espezifiko baten bidez justifikatzen badu ikerketaren xedeari kontzeptualki edo metodologikoki heltzean genero-alborapenak egon direla, eta alborapen horiek eragin nabarmena izan dutela ezagutzaren egungo egoeran, informazio-hutsune edo interpretazio-alborapen gisa.. Halakorik egon bada, baloratzeko aurkeztu den proiektuan horiek zuzentzen lagunduko duen ikuspegi edo metodologia bat aplikatu beharko da.

  1. Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan.

  2. Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

    1. Diruz lagundutako proiektuak eta esleitutako laguntzen zenbatekoak, bai eta ordainketa-faseak ere.

    2. Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.

    3. Onartu ez diren proiektuak, horretarako arrazoiak azalduta.

    4. Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

    5. Behin proiektua amaituta, emandako dirulaguntzak justifikatzeko modua eta epea, agindu honen 21. artikuluak dioenari jarraituz.

    6. Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko bidezkotzat jotzen den beste edozein betebehar.

  3. Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera.

    Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekitzen bada, aipatu den epea etenda geratuko da, pertsona edo erakunde eskatzaileari bidalitako errekerimenduaren jakinarazpena jasotzen denetik hasi eta hura benetan gauzatzen den arteko denbora-tartean, edo, bestela, emandako epean.

  4. Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideak isiltasun administratiboaren bidez ukatu direla ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudiari jarraituz.

  6. Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar oro jakitun izan dadin eta jakinarazi izanaren ondorioetarako. Dena den, lehenago egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  7. Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Agindu honetan zehaztu eta arautzen diren dirulaguntzen onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

  3. Edozein administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk xede bererako emandako dirulaguntzen, sarreren edo baliabideen berri ematea, lortutako laguntza horien ukoari edo onarpenari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.

  4. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo egoerak, baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.

  5. Euren zereginak betetzerakoan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez; eta, era berean, diruz lagundutako jarduerak kontrolatzeko, egiaztatzeko, segimendua egiteko eta ikuskatzeko dituzten eginkizunei edo eskumenei men egitea.

  6. Ikerketaren emaitzen ondoriozkoak diren eta argitara eman daitezkeen testu edo dokumentuetan aipatzea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela, eta sailaren logotipo ofiziala ere jasotzea. Proposatutako ikerketarako eman den dirulaguntzak etorkizunean master amaierako lana edo doktorego-tesia egiteko bide ematen badu, lan edo tesi horretan jaso beharko da Eusko Jaurlaritzak eman duen laguntza, eta ale bat igorri beharko zaio Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.

  7. Dirulaguntza baliatzen den bitartean, oinarri hauen ondoriozko arauak betetzea etenik gabe.

  8. Ikerlana amaitzea eta dirulaguntza justifikatzeko eskatutako dokumentazioa igortzea agindu honetan ezarritako epean.

  9. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako beste edozein betebehar betetzea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko arduraduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatzeak eta egiaztapenak egitea.

  1. Agindu honen babespean eman beharreko dirulaguntzak zatika ordainduko dira, era honetan:

    1. Lehen ordainketa, dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50ekoa, dirulaguntza eman ostean.

    2. Gainerako % 50a dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutakoari jarraikiz ordainduko da, gastua justifikatu ondoren, eskatutako dokumentazioa aurkeztuz eta, edonola ere, ez 2024an baino lehenago.

  2. Pertsona edo erakunde eskatzailea ez badago erregistratuta Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan edo aldatu egin nahi baditu erregistro horretan dituen banku-datuak, helbide elektroniko honen bitartez egin ahal izango du: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

  3. Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari. Horretarako, pertsona fisiko eskatzaileek beren egoitza fiskala zein den adierazi beharko dute eskabidean. Hala badagokio, onuradunak berariaz eskatu beharko du jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa.

  1. Pertsona fisikoek aurrez aurrez zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazioak:

    Justifikazioak modu presentzialean ere aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da aurretiazko hitzordua eskatzea honako bide hauetako bat erabiliz: https://www.euskadi.eus/web01-ejqmatic/eu/zuzeneanwebbooking/#/?lang=eu_es helbidearen bidez; aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko beren-beregi jarritako 945 01 90 00 telefonora deituta; EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako toki edo bulegoetan.

    Halaber, justifikazioak bide elektronikoetatik aurkeztu ahal izango dira gobernuaren egoitza elektronikoan, Nire Karpeta atalaren bitartez espedientera sartuta: www.euskadi.eus/nirekarpeta

  2. Pertsona juridikoek bide elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, aipatutako helbide elektronikora sartuta.

  3. Justifikazioak bide presentzialez nahiz elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan, agindu honen 9. artikuluaren 5. apartatuan zehaztutako helbidean.

  4. Emandako dirulaguntza justifikatzeko, dirulaguntza arrazoitu duen jarduera jada burutu duela eta horrek eragin dituen gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Horretarako, gutxienez honako hauek aurkeztu beharko ditu:

    1. Egindako jarduera bete izanaren justifikazio-memoria, ahalik eta zehatzena.

    2. Eskaerarako azterlana bermatu duen pertsonak idatzitako txostena, egindako lanari oniritzia emateko eta egoki iritzitako beste ohar batzuk egiteko.

    3. Diruz lagundutako ikerlanaren amaierako dokumentuaren kopia bat, formatu elektronikoan; eta, horrekin batera, laburpen elebidun bat (euskaraz eta gaztelaniaz), gehienez ere 1.800 karakterekoa. Lanaren testua Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuaren estilo-arauei jarraikiz idatziko da. Justifikazioa era presentzialean egiten bada, formatu digitalean aurkeztuko da, euskarri fisiko batean grabatuta (CD/DVD, USB memoria, eta abar). Bide elektronikoa erabiltzen bada eta 30 MB baino handiagoa bada, helbide elektroniko bat adieraziko da memorian, hain zuzen ere organo kudeatzaileak lana jasotzen duten fitxategiak deskargatu ahal izan ditzan. Bide presentziala hautatzen dutenek ere erabil dezakete prozedura hori.

      Nolanahi ere, aurkeztutako emaitzek bat etorri beharko dute hasieran eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren planteamenduekin.

    4. Zinpeko deklarazioaren bidez, diruz lagundutako jardueraren gastuen eta sarreren behin betiko balantze orekatua ahalik eta banakatuena, egoitza elektronikoan eta agindu honen 9. artikuluaren 5. apartatuan adierazitako tokietan eskura daitekeen ereduaren arabera.

      Gerora pertsona edo erakunde onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako dirulaguntzarik edo kanpoko ekarpenik jaso ez badu, hori horrela dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du balantzearen formularioan jasoa. Eskaera-izapidearen ostean lana egiteko beste dirulaguntzaren bat edo bestelako sarreraren bat jaso badu, zehaztu egin beharko du, hauek adierazita dirulaguntza edo ekarpen bakoitzeko: kopurua eta hura eman duen pertsona edo erakundea, balantzeko sarreren atalean.

    5. Egindako gastuen zerrenda sailkatua eta korrelatiboki zenbakitua, hartzekoduna eta egiaztagiria adierazita, baita alderdi hauek ere: zenbatekoa, jaulkipen-data, jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa zerga-oinarria eta BEZa banakatuta. «Balantzea» izeneko inprimakian jasotako taularen bidez egin ahalko da, edo bereiz aurkeztu, kalkulu-orri batean, betiere datu-eredu berari jarraituta.

    6. Gastuak egiaztatzea horien zenbatekoak aurkeztutako gastu-aurrekontuaren zenbateko osoaren baliokide izan behar du. Horretarako, fakturak, faktura sinplifikatuak eta/edo langileen nominak aurkeztu beharko dira, edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duen beste edozein dokumentu, edo gastuen zerrenda sailkatuan sartuta dagoen eta administrazio-eraginkortasuna duen beste edozein agiri. Zerrenda sailkatuan jaso duten zenbakia izan beharko dute ziurtagiriek. Ziurtagiriak DIN-A4 neurria baino txikiagoak badira, orri bati itsatsi beharko zaizkio. Orri horiek ere zenbakituta egon beharko dute beheko eskuineko ertzean.

  5. Justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna 2024ko azaroaren 6a izango da, egun hori barne.

    Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada eskumena duen administrazio-organoaren aurrean, organo horrek onuradunari eskatuko dio hamabost egun balioduneko epean aurkezteko. Epe hori ezin izango da luzatu. Ezarritako epe berri horretan justifikaziorik aurkezten ez bada, ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, azaroaren 17ko 38/2003 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70.3 artikuluaren arabera. Horrez gain, bidezkoa bada, dagokion zehapen-prozedura irekiko da.

  6. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa beteko da.

  1. Helburua eta irizpideak.

    Justifikatutako diru-zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino handiagoa izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzeko.

  2. Prozedura.

    1. Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak aztertu, eta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.

    2. Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak direnean, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, bi hilabeteko epean, jarduera justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari zenbatekoak itzuli behar bazaizkio, likidazio-ebazpenean bi hilabeteko epea emango da itzulketa egiteko, berau jakinarazten den egunetik aurrera. Horretarako, arau hauetan ezarritako prozedura errespetatu beharko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

  1. Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

    3. Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeari eta hura garatzekoei jarraikiz nahitaez bete beharreko beste edozein betebehar.

  2. Artikulu honen aurreko zenbakian aipatutako kasuren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak (osorik edo zati bat) eta dirulaguntza ordaindu zenetik aplikatutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, eta dagokion likidazio-ebazpena eman beharko da, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa itzultzeko. Hori guztia, honako arau hauetan ezarritako moduan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Eskatzailearen datu pertsonalak «Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: arlo honetan eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/transparencia/026100-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra: https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 8a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.