Arautegia
InprimatuAgindua, 2020ko apirilaren 29koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren 2020. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen agindua bigarrenez aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Enplegua eta Gizarte Politikak
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: ---
- Aldizkari-zk.: ---
- Hurrenkera-zk.: ---
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: ---
- Argitaratze-data: ---
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Instituzional
Testu legala
AGINDUA, 2020KO APIRILAREN 29KOA, ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILBURUARENA, ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN 2020. URTERAKO DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA ONARTZEN DUEN AGINDUA BIGARRENEZ ALDATZEN DUENA.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1. artikuluak xedatzen duenez, “administrazio publikoetako organoek edo dirulaguntzen ezarpena proposatzen duten beste edozein erakundeek dirulaguntzen plan estrategiko batean zehaztu beharko dituzte, aldez aurretik, hura aplikatzean lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, bai eta horiek lortzeko epea, aurreikusten diren kostuak eta haiek finantzatzeko iturriak ere; betiere aurrekontu-egonkortasunaren helburuak beteko direla bermatuta”. Estatuko oinarrizko legedia da manu hori.
Aurrekoa betetze aldera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren 2020. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu
zuen, 2019ko azaroaren 22ko Aginduaren bidez.
Horren ondoren, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak “Lagunkoitasun Jardunbide Egokien Saria” 2020an ematea proposatu zuen, lehia-konkurrentziako prozedura baterako deialdi baten bitartez, berrikuntzagatik eta eraginkortasunagatik nabarmentzen diren jardunbide egokiei balioa emateko. Halaber, haren bidez, publikoki aitortu nahi
dira zenbait entitate publiko eta pribatu, hain zuzen ere, zahartzen ari diren pertsonei gauzak errazteko inguruneak sortzen dituztenak, lagunkoitasunaren aldetik, beren berrikuntza eta efikaziagatik nabarmentzen diren praktikak garatuz.
Ekimen hori sartze aldera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2020ko martxoaren 5eko Agindua onartu zen, zeinaren bidez Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren 2020. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen baita.
Gaur egun, salbuespenezko egoera berri bat bizi dugu: COVID-19 koronabirusak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera, bai lurralde mailan, bai nazioartean, zeinaren ondorioz, Osasunaren Mundu Erakundeak egoera nazioarteko pandemiatzat jo baitu.
Hala, koronabirusaren transmisioa geldiarazten laguntzeko aparteko eta premiazko neurriak hartu behar direla nabarmendu da, eta, neurri horien artean, dirulaguntzen 3. lerroaren zenbatekoa handitzea proposatu du Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak: Gizarte-larrialdietarako laguntzei, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legean jasota baitaude, b) azpiapartatu bat gehituko zaie, COVID-19aren eraginak arintzeko helburuz; 16.000.000,00 euro bideratuko dira horretarako.
Beste alde batetik, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak 33B) laguntza-lerroa sortzea proposatu du zuzendaritza horretan, lanaldia egokitu edo aldatu behar izan duten familiei
egoera horrek ekarritako diru-sarreren galerari berehalako erantzuna emateko, egokitzapen edo aldaketa hori honegatik izan bada: seme-alabak (haien adinagatik), mendeko pertsonak edo COVID-19 koronabirusa dela eta gaixorik dauden pertsonak (kutsatuak edo isolatuak) laguntzeko, artatzeko eta zaintzeko betebeharrak bere gain hartzeko.
Kontua da, azken finean, egungoa bezalako egoera koiunturalak ez izatea eragin negatiborik, egiturazkoa eta denboran iraunkorra, familien diru-sarreretan.
Azaldutakoaren ondorioz, eta Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak emandako eskumenen arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuarekin lotuta (Enpleguko eta
Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), honako hau
EBAZTEN DUT
Lehena.- Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren 2020. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzea, honela aldatu ere:
1) b) azpiapartatua gehitzea Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren 3. lerroari, gizarte-larrialdietarako laguntzetan 16 milioi euro gehiago ezarriz, COVID-19 koronabirusaren ondorioak arintzeko.
2) Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren 33B) dirulaguntza-lerroa gehitzea; hain zuzen ere, lanaldia egokitu edo aldatu beharrak familiei ekarri dien diru-sarreren galerari berehalako erantzuna emateko, baldin eta egokitze edo aldaketa hori seme-alabak (haien adinagatik), mendeko pertsonak edo COVID-19 koronabirusak erasandako gaixoak (kutsatuak edo isolatuak) laguntzeko, artatzeko eta zaintzeko izan bada. Lerro horri 15 milioi euro esleitzen zaizkio.
Bi lerro horiek agindu honen eranskinetan deskribatzen dira.
Bigarrena.- Agindua argitara dagin agintzea, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean argitaratuz eta unean-unean antolamendu juridikoan informazioaren eta
gardentasunaren arloan aurreikusten diren xedapenak aplikatuz.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 29a
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ
ERANSKINA
AGINDUA, 2020KO APIRILAREN 29KOA, ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILBURUARENA, ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN 2020. URTERAKO DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA ONARTZEN DUEN AGINDUA BIGARRENEZ ALDATZEN DUENA. (Ikus pdfa (PDF, 691 KB))