Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2016ko abenduaren 1ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Valderejo Parke Naturalaren eta Valderejo-Sobron-Árcenako mendilerroko KBE eta HBBEren Natura-baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 241
  • Hurrenkera-zk.: 5436
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2016/12/01
  • Argitaratze-data: 2016/12/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Valderejo, Sobrón eta Árcenako mendilerrotik zabaltzen den eremua balio natural handiko eta tradizio luzeko espazio bat da, zeinetan, egun, naturagune babestuko hiru tipologia biltzen baitira: Parke Naturala da Valderejoko eremuan, eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Beresiko Eremu ere bai. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginean (aurrerantzean, NKLTB) arautzen dira hiru figura horiek.

Izan ere, Valderejo Parke Natural izendatu zen urtarrilaren 14ko 4/1992 Dekretuaren bidez eta urtarrileko 14ko 3/1996 Dekretuaren bidez onartu zen Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (NBAP).

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu zuen Valderejo, Sobrón eta Árcena mendilerroak osatzen duten eremua 2000eko azaroaren 28ko erabakiaren bidez.

Halaber, berriki Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu da Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Batasuneko Garrantzizko Lekua (ES210024), martxoaren 15eko 47/2016 Dekretuaren bidez, KBEa eta HBBEa babesteko neurriak ere onartzen dituena.

Egoera hori dela eta, aintzat hartu behar da NKLTBren 18. artikuluko aurreikuspena, zeinaren arabera, espazioak babesteko figura bat baino gehiago gainezarriko balira toki berean, horien arauak eta plangintza-mekanismoak agiri bakarrean koordinatu beharko baitira, espazioaren planifikazioa barne hartuz, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.

Hori dela eta, 47/2016 Dekretuaren azken xedapenetatik arabera, berau onartzean, «Valderejo eremuko parke naturalaren NBAPa naturagune babestuen hiru tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakarra bihurtzeko prozedura» abiaraziko zela,1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Beraz, hasiera ematen zaio Valderejo-Sobrón- Árcenako mendilerroko NBAP landu eta prestatzeko prozedurari. Horretarako, NKLTBren 7. artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio.

Kasu horretan, NKLTBren 9. artikuluan aurreikusitako prebentzio-araubidea aktibatzea ez da egoki irizten Valderejoko parke naturalaren eremuan, indarreko legezko araubide kontserbazionistaren NBAPren, KBEko eta HBBEko araubideen pean baitago jada behar bezala babestua eremua. Hala ere, beharrezkotzat jotzen da prebentzio-araubide hori aktibatzea KBEren eta HBBEren gainontzeko eremuan, hau da, Sobrón eta Árcenako mendilerroan. Hori dela eta, NBAPa izapidetzen den bitartean, ezin izango dira egin planaren helburuak betetzeko oztopo txiki nahiz handi izan daitezkeen ekintzak, baldin eta horiek eraldaketa nabarmena eskatzen badute errealitate fisiko eta biologikoan.

Beraz, artikulu horren bigarren atalaren arabera, prozedurari ekiteko erabakia hartu ondoren, ezin izango da eman errealitate fisikoa eta biologikoa eraldatzeko ekintzak ahalbidera ditzakeen inolako baimen, lizentzia edota emakidarik, eremua kudeatzeko eskumena duen Arabako Foru Aldundiko Sailaren onespen-txostena ez badu behinik behin.

Apirileko 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 9.2. artikuluak ematen didan eskumenaz baliatuz, eta testu horren 4., 7. eta 18. artikuluetan xedatutakoaren arabera,

Erabakitzen da hasiera ematea Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko naturagune babestuko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeko prozedurari, eremu horrentzat naturagune babestuko hiru tipologiak Parke Naturala, KBE eta HBBE arautzen dituen dokumentu bakarra izan dadin. Hala ohartarazten du apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 1a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.