Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

13/2022 Legearen 3. Xedapen Iragankorrak xedatutakoaren araberako ikus-entzuneko komunikazio-zerbitzu komunitarioentzako lizentzien eskaera

Irabazi-asmorik gabeko telebistako edo irratiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komunitarioentzako lizentzia eskatzeko aukerari buruzko informazioa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren arabera.

2022ko uztailaren 8an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorra. Lege horrek 2. artikuluko 15. paragrafoan definitzen du irabazi asmorik gabeko ikus-entzunezko telebista edo irrati-komunikazio komunitarioaren zerbitzuaren kontzeptua:

“Irabazi-asmorik gabeko erakunde edo entitate pribatuek ematen duten zerbitzu ez-ekonomikoa, lege honetan aurreikusitako baldintzetan, edozein modalitate teknologikoren bidez, eta hurbileko edukiak eskaintzen dituena, estaldura ematen dien komunitateen eta gizarte-taldeen gizarte-, kultura- eta komunikazio-premia espezifikoei erantzuteko, emisioari, ekoizpenari eta kudeaketari dagokienez sarbide-irizpide ireki, argi eta gardenetan oinarrituta, herritarren parte-hartze handiena eta pluralismoa bermatuz.”

Ikus-entzunezko Lege Orokor berriak lurreko uhin hertziarren bidez emandako irabazi-asmorik gabeko Erkidegoko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komunitarioa arautzen du, eta telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua, alde batetik, eta irratikoa, bestetik, bereizten ditu 49. eta 81. artikuluetan, hurrenez hurren.

Beraz, Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren 49. artikuluak xedatzen duenez, lurreko uhin hertziarren bidez ematen den irabazi-asmorik gabeko Erkidegoko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu komunitarioa tokiko eremu geografikoan edo eremu txikiagoan egingo da, aplikatzekoa den autonomia-erkidegoko legediaren arabera eta honako baldintza hauekin bat etorriz:

  1.  Ikus-entzunezko agintaritza autonomiko eskudunak emandako lizentzia beharko da, estatuak tokiko telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetarako egindako espektro irrati-elektrikoaren plangintzaren esparruan. Ondorio horietarako, espektro erradioelektrikoa planifikatzeko eta kudeatzeko eskumena duen estatu-agintaritzak erreserbatu egingo du zerbitzu horiek emateko behar den jabari publiko erradioelektrikoa.
  2. Ez du barne hartuko ikus-entzunezko merkataritza-komunikaziorik, salbu eta zerbitzuaren estaldura-eremuan ezarritako pertsona fisiko edo juridikoen jarduerarekin lotutako ondasunak eta zerbitzuak sustatzeko xedea dutenak, ezta zerbitzu publikoko edo ongintzako iragarkiak ere.
  3.  Lizentzia ezin izango da eskualdatu, errentan eman, laga edo beste edozein negozio juridiko egin, eta 31. artikuluan xedatutakoaren arabera azkenduko da.

Era berean, nabarmendu behar da autonomia-erkidegoek ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren modalitate horren erregulazioa garatu ahal izango dutela prestazio- eta jarduera-betekizunei dagokienez.

Lurreko uhin hertziarren bidez ematen den irabazi-asmorik gabeko irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komunitarioari dagokionez, legearen 81. artikuluak ezartzen du ezaugarri horiek dituen zerbitzua tokiko eremu geografikoan edo eremu txikiago batean emango dela, aplikatzekoa den autonomia-erkidegoko legeriaren arabera eta honako baldintza hauen arabera:

  1.  Ikus-entzunezko agintaritza autonomiko eskudunak emandako lizentzia beharko da, estatuak irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetarako egindako espektro irrati-elektrikoaren plangintzaren esparruan. Ondorio horietarako, espektro erradioelektrikoa planifikatzeko eta kudeatzeko eskumena duen estatu-agintaritzak erreserbatu egingo du zerbitzu horiek emateko behar den jabari publiko erradioelektrikoa.
  2. Ez du barne hartuko ikus-entzunezko merkataritza-komunikaziorik, salbu eta zerbitzuaren estaldura-eremuan ezarritako pertsona fisiko edo juridikoen jarduerarekin lotutako ondasunak eta zerbitzuak sustatzeko xedea dutenak, ezta zerbitzu publikoaren edo ongintzazko zerbitzuen iragarkiak ere.
  3. Lizentzia ezin izango da eskualdatu, errentan eman, laga edo beste edozein negozio juridiko egin, eta lege honen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera azkenduko da.

Era berean, garrantzitsua da legearen hirugarren xedapen iragankorrean araututakoa aipatzea, izan ere, bai telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komunitarioetarako, bai irratiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komunitarioetarako, gauzatuko den eskabideen baloraziorako zerbitzu-emaileek egiaztatu behar dituzten baldintzak ezartzen dira. Hona hemen hirugarren xedapen iragankorrean araututakoa:

“Lurreko uhin hertziarren bidez irabazi-asmorik ez duten ikus-entzunezko telebista- eta irrati-komunikazioko zerbitzu komunitarioek, baldin eta azken bost urteetan etenik gabe funtzionatzen dutela egiaztatzen badute, interferentzia-arazorik sortu gabe, eta beren jarduerarekin jarraitu nahi badute, dagokion gaikuntza-titulua emateko eskatu ahal izango diote ikus-entzunezko agintaritza autonomiko eskudunari, lege hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean, espektro erradioelektrikoaren eskuragarritasunaren arabera. Ondorio horietarako, espektro erradioelektrikoa planifikatzeko eta kudeatzeko eskumena duen estatu-agintaritzak erreserbatu egingo du zerbitzu horiek emateko behar den jabari publiko erradioelektrikoa”

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzari dagokio gaikuntza-titulua ematea, beharrezko jabari publiko erradioelektrikoa erreserbatu ondoren, eta hori Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren (SETELECO) eskumena da.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokor berriaren hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz,  erakunde edo pertsona interesdunek eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo prozedura elektronikoaren bidez: Gizarte Hedabideen Zerbitzuari eskaera.

Eskaera egiteko, erakunde edo pertsona interesdunek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

  • Eskatzailearen eta etenik gabeko funtzionamendua izan duen emisioaren oinarrizko datuen eredu normalizatua .
  • Irabazi-asmorik gabeko jardueraren justifikazioa:
    • Sozietatearen estatutuak
    • Elkarteen, fundazioen erregistroan inskripzioa edo erakunde eskatzailearen nortasun juridikoa jasotzen duen beste edozein erregistrotako inskripzioa.
  • Azken 5 urteetako etenik gabeko funtzionamenduaren egiaztapena. Hurrengo dokumentuen bidez egiaztatu ahal izango da:
    • Irrati- difusio zerbitzuen, aterpearen, lokalen errentamenduen eta hornidura kontratuen fakturak, betiere irratiaren edo estudioen helbidean daudenak eta eskatzaileak ordainduta. Dokumentu guztiak azken 5 urteetakoak izango dira.
    • Estazio igorlearen ekipoak erosi izanaren fakturak edo/eta instalazioa egin izanarena, 5 urte baino lehen.
    • Eskuragarri dagoen ekipamenduaren zerrenda (estudioen, transmisorearen, antenen, etab. argazkiak)
    • Erakunde eskatzailearen azken 5 urteetako jarduera egiaztatzen duen edozein agintariren ziurtagiriak (Udalerria, Autonomia Erkidegoak, Estatua).
    • Erakunde eskatzailearen jardueran parte hartu duten erakunde laguntzaileen ziurtagiriak, azken 5 urteetako jarduera egiaztatzen dutenak, hain zuzen ere.

Interesdunek maiztasun bat baino gehiago dituztenean, maiztasun bakoitzeko eredu normalizatu bat bete eta guztiak eskaera bakar baten aurkeztu beharko dituzte.

Eskaera aurkezten duten interesdunek jarduerarekin jarraitu nahi dutela ulertuko da.

Azkenik, gogoratu behar da lizentziaren esleipenak (Eusko Jaurlaritzaren eskumena dena) berekin dakarrela jabari publiko erradioelektrikoaren erabilera pribatiboa ematea (Estatuaren eskumena dena). Horregatik, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzatik, aurkeztutako eskaerak jaso eta aztertu ondoren, jabari publiko erradioelektrikoa erreserbatzea eskatuko diogu SETELECOri, espektro erradioelektrikoaren plangintzan eskumena duen organoa baita. SETELECOk egiten duen espektroaren plangintzaren eta erabilgarritasunaren arabera emango dira lizentziak.
 

Azken aldaketako data: